Maiatzaren 13an euria mara-mara ari zuela jokatu behar izan zen La Peluso martxa zikloturista. Aldiz, eguzkiak presente egon nahi izan zuen La Peluso Cycling Taldeak ia lau hilabete beranduago, irailaren 9an antolatutako La Peluso BTT Xtreme mendi txirrindularitza martxan. "Gaur bai, gaur ez gara kexatuko" zioen, irribarrez, handik hona prestakuntza lanetan zebilen Santi Moreno antolatzaileak.
Guztira 175 biker inguru animatu ziren BTT ez lehiakorrean parte hartzera. "Kontentu gaude, joan zen urteko parte hartzearen antzekoa izan delako. Eta zer esanik ez, egun zoragarria atera delako". Pachi Ciak moztu zuen proba hasierako zinta eta ibilbide luzea egitera animatu zen. "Bere urtebetetzea da, eta Cerro Bayon (Argentina) M40 mailan Munduko BTT Txapelketa irabaztetik dator. Beraz, ospakizun bikoitza" nabarmendu zuen Morenok.
Irurtzun hasiera eta helmuga izanik, inguruko paraje ederretan barna bi ibilbide antolatu zituen La Peluso Cycling Taldeak: 46,31 km eta 1.681 m desnibelekoa, eta 38,48 km eta 1.084 m desnibelekoa. Irurtzundik aterata, Plazaolako bidea hartu zuten biker guztiek, Larunberaino heltzeko. Mendian sartu, San Bartolomera iritsi eta bertatik Muskizera jaitsi ziren. Pista batetik Ziara jaitsi, eta Trinitateko iparraldean sartu ziren, Arranz eta Erasotik barna Latasara jaisteko. Urrizatik igota, Ihaben eta Etxalekura iritsi ziren. "Hor banatu ziren bi ibilbideak, Etxaleku eta Ihaben gainean. Motzekoak Latasara itzuli ziren, eta bertatik Irurtzunera. Eta ibilbide luzekoak Etxaleku eta Oskoz artean dagoen pista batetik Zarranzera jaitsi ziren, hornidura gunera. Hortik Trinitatea igo zuten, eta segidan Latasa ondoko Kaxarnara jaitsi ziren, Putreen Balkoira igo eta bertatik Irurtzungo helmugara joateko" adierazi du Morenok.
Aldaketak
Aurten ibilbide luzea 11 km ingurutan laburtzea erabaki zuen antolakuntzak Oskoz eta Beunza arteko mendiko tartean. "Ez zen desnibel handiko eremua, baina denbora eskatzen zuen. Ibilbide luzea oso gogorra denez, askok 5 ordu inguru behar zituzten guztia bukatzeko, eta antolakuntzari begira luze egiten zitzaigun. Horregatik laburtu dugu" azaldu nahi izan du Morenok. Ibilbidetik gogorrena "Trinitateko igoera da, zalantzarik gabe. 2 km eta ia 400 metroko desnibela du".
Izena eman zuten gehienek, bi heren inguruk, ibilbide luzea osatu zuten. 5 ordu inguru behar izan zuten horretarako. Azkarrena Patxi Cia izan zen. Ibilbide motzean bi ordu baino lehen iritsi ziren azkarrenak, Sergio Marigorta eta Gabriela Placencia buru zirela. Nabarmentzekoa da oso emakume gutxik parte hartu zutela: ibilbide laburrean hiruk, eta luzean ez da batek ere. "Emakumeen partaidetza sustatu nahi dugu, hori da gure helburuetako bat" nabarmendu zuen antolakuntzak.
Txirrindulariek gozatu ederra hartu zuten La Peluso BTT-n. "Mendia lehorra dago, bizikletan ibiltzeko ezin hobe, eta ibilbidea paregabea zen. Oso gustura ibili gara" zioten. Bukaeran, Irurtzungo helmugan parrilak sutan zituzten, txistorra, urdaia eta denetarikoak dastatzeko. Egindako ahaleginarendako, saririk onena.