Ikastaro eskaintza, prest Irurtzunen

Guaixe 2023ko ira. 19a, 11:01

Irurtzundarrak plazan. ARTXIBOA

Izen ematea hilaren 27ra arte dago zabalik. www.irurtzun.eus web orrian dago izena emateko formularioa. Ordainketa txartel edo transferentzia bidez egin daiteke. Ikastaroetan lehentasuna Irurtzunen erroldatutakoek izanen dute. Informaziorako kultur etxera hots egin 948 600 412 telefonora edo kulturetxea@irurtzun.eus e-postara idatzi. 

Irurtzungo Udalak heldu den ikasturterako antolatu dituen ikastaroak lastailean hasi eta martxoan despedituko dira. Antzerki tailerra asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara, Angel Saguesek gidatuko du kultur etxean, dohainik. Irakurketa taldeko kideak hilabeteko lehen ostegunean elkartuko dira liburutegian, 18:00etatik 19:30era, Sofia Villegas gidari dutela. Doako jarduera da. Euskarazko irakurketa taldea Aizpea euskara taldeak eta Pikuxar euskal txokoak eskaintzen dute. Hilabeteko lehendabiziko asteazkenean dute hitzordua Pikuxarren 19:00etatik 20:30era. Izen ematea doakoa da. Marrazketa eta pintura ikasi nahi duenak astelehenetan du hitzordua, 16:00etatik 19:00etara, musika eskolan. Isabel Garziak emanen du ikastaroa, eta 199 euro balio du matrikulak. Dozena bat plaza daude. 

Ariketa fisikoa egiteko ikastaroek osatzen dute Irurtzungo Udalaren eskaintza ere. Hipopresibo saioak astearte eta ostegunetan izanen dira 17:00etatik 17:55era. Saioak gimnasioko psikomotrizitate gelan izanen dira. 12 plaza daude. Pilates egiteko bi talde izanen dira, aurrena astearte eta ostegunetan 18:00etatik 18:55etara ariko da eta bigarrena egun beretan 19:00etatik 19:55era, biak gimnasioko psikomotrizitate gelan. Hamabina plaza daude. Aerobicean aritu nahi duenak gimnasioan izanen du horretarako aukera astearte eta ostegunetan, 17:30etik 18:25era. Hogeina plaza daude. Bizkortzea-GAP ikastaroa ere gimnasioan izanen da astearte eta ostegunetan 18:30etik 19:25era. Horretan 20 pertsona ariko ahal dira. Kirol entrenamenduan aritu nahi dutenek astearte eta ostegunetan aukera izanen dute 19:30etik 20:25era; 15 plaza daude. Azkenik, Ines Muñozek Gorputz Jarreren Berzuzenketa ikastaroa gidatuko du astelehenetan 16:45etik 18:45era. Gimnasioko psikomotrizitate gelan izanen da, eta 12 plaza daude. Ariketa fisikoko ikastaro guztiek 199 euroko matrikula dute, azkena izan ezik, 190 euro balio duena. 

Horiez aparte, spinningean aritzeko aukera ere bada Irurtzunen. Lastailetik ilbeltzera astean behin aritzen denak 85 euro ordaindu behar ditu; bitan arituz gero, berriz, 135 euro. Astelehen eta asteazkenetan 09:30ean, 18:00etan eta 19:00etan izanen dira taldeak. Astearte eta ostegunetan, berriz, 19:00etan eta 20:00etan. 

Bestalde, Irurtzungo Udalak jakinarazi du herrian bestelako ikastaro eskaintza dagoela. AEK-k euskara ikasteko ikastaroak ematen dituela gogorarazi du. Bestalde, haur eta helduendako ingeles klaseak ere badaude. Baita, yoga, joskintza eta mugimendu adierazkorra ikastaroak ere. Kantuan aritu nahi duenak Irurtzungo Abesbatzan izena emateko aukera du. Fibromialgia eta neke kronikoa dutenendako Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak eskaintza du ere Irurtzunen. Eskaintza osatzeko honakoak daude: mikologia tailerra, haurrendako marrazketa, haur eta helduendako dantza ikastaroak, joaldunen taldea, esku pilota, areto futbola, kick boxing eta harri jasotze eskola.