Areto futbola

Bere seigarren Nafarroako Kopa lortu du Osasuna Magna Xotak

Guaixe 2023ko ira. 18a, 10:50

Xotako Asier Llamas atezain irurtzundarrak jaso zuen kopa, Nafarroako Futbol Federazioko presidente Rafa del Amoren eskutik. XOTA

Ribera Navarraren kontra gailendu zen, final oso borrokatuan

Irailaren 16an, larunbata, VII. Nafarroako Kopako finala jokatu zuten Osasuna Magna Xotak eta ATP Iluminacion Tudelano Ribera Navarra taldeek. Tuteran jokatutako final lehiatu eta oso estuan 2 eta 3 gailendu zen talde irurtzundarra, bere seigarren Nafarroako Kopa lortuz. 

Finala hasi eta berehala Tuterako taldea aurreratu zen, Gabyren eskutik. Osasuna Magna Xota erasoan hasi zen, eta hainbat aukera izan zituen, baina ez zituen gauzatu. Azkenean, Fabinhok bana berdintzea lortu zuen. Bigarren zatian Xota hobeki aritu zen eta Tonik eta Fabinhok kontrako atea zulatu eta gero, 1 eta 3 aurreratu zen talde nafarra. Ribera Navarra taldeak abiadura handitu zuen, eta talde irurtzundarra estutzen hasi zen. Lennonek 2 eta 3-a ezarri zuen markagailuan, baina Miguel Hernandezen mutilek ongi eutsi zuten eta Nafarroako Kopa bereganatu zuten, orain arte jokatu diren zazpi kopetatik seigarrena eta Miguel Hernandezen zuzendaritzapean lortzen den lehena. 

“Oso final estua izan da, bukaerara arte, baina gure momentu ona aprobetxatu eta aldeari eutsi diogu” azaldu zuen teknikariak, kontentu.