Bertako produktuari gorazarre

Guaixe 2023ko ira. 19a, 11:17

Bertako oiloak aztertzen.

Hamargarrenez ospatu zen Irurtzungo eta Arakilgo bertako ganadu azoka.

Bertako animalia arrazak sustatzeko, haien erakusketa plazako frontoian. Agroekologia zer den azaltzeko, tokiko 15 ekoizlek beraien mozkinak plazan saltzen. Eskulanaren garrantzia ikusgai izan zen artisauen dozena bat postutan, Lizarra kalean. Betiko jokoak Amaia kalean. Baita sokak garai batean nola egiten ziren ezagutzeko aukera. Forjarien lana. Goxokiak botatzen zituen kañoi bat, musika eta kale animazioa. Hori guztia eta gehiago izan zen Irurtzunen igandean. Esatera, artzain txakurrak nola hezten diren erakutsi zuen Haritz Ganboak. Edo herri dastaketa baten bidez gazta onenaren aukeraketa. 13 gazta aurkeztu ziren eta 121 herritarrek dastatu zituzten. Lehen saria Eulateko Ruiz de Larramendirendako izan zen, bigarrena Arruazuko Albi gaztandegiarendako eta podiuma Egozkueko Loperena gaztandegiak eskuratu zuen. 

Azokaren hamargarren edizioa zen atzokoa eta Arakilgo eta Irurtzungo udalek bide horretan lagun izan dituen bi elkarteri aitortza egin zien: Sakanako ekoizleak biltzen dituen Belardi elkartea, eta artisauak biltzen dituen Arbaso elkartea. Elkarlana eta partaidetza aitortu zieten. Euriaren ondorioz, arratsaldeko ekitaldiak bertan behera gelditu ziren.