Areto futbola

Azken segundoan iritsi zen Xotaren lehen garaipena

Guaixe 2023ko ira. 25a, 09:50

Xotaren eta Noiaren arteko lehia oso borrokatua izan zen. XOTA

Noia Portus Aspostoli aurreratu zen, baina talde irurtzundarrak partida irauli zuen

Osasuna Magna Xotak Noia Portus Apostoli talde galiziarra hartu zuen Anaitasunan. Partida maldan gora jarri zitzaion berehala talde irurtzundarrari, bigarren minutuan, Xotaren atera iritsi ziren lehen jokaldian, Rufinok 0 eta 1 aurreratu zuelako Noia taldea. Miguel Hernandezen mutilei hasieran kosta egin zitzaien partidan sartzea, baina berehala lortu zuten eta gutxika gol aukerak sortzen hasi ziren. Noiak ere erasoan jarraitu zuen, baina Xotako Asier Llamas atezainaren geldialdi ikusgarriei esker ez zuen aldea gehiago zabaldu. 

Bigarren zatian iritsi zen berdinketaren gola, Jhonatan Linharesek 31. minutuan sartu zuena. Berdinketarekin partida are borrokatuagoa bilakatu zen. Bata zein bestea, bi taldeak saiatu ziren, eta partida banakako berdinketarekin despedituko zela zirudienean, azken segundoan, bukaerako txirrina jotzear zegoela, garaipenaren gola sartu zuen Fabinhok, Anaitasunan gogo biziz ospatu zena. Aurreko bi berdinketen ondoren, denboraldiko lehen garaipena. 

"Ez dugu etsi"
Miguel Hernandez entrenatzailea pozik zegoen. “Noia defentsan talde oso sendoa da, eta aurreratu direnean zaila izan dugu. Baina ez dugu etsi, taldeak bukaerara arte bere buruan sinistu du, eta batzuetan saria lortzen da” nabarmendu zuen. 

Hiru jardunaldi jokatuta, Mallorca Palma Futsal da Lehen mailako areto futboleko liderra (9 puntu). Osasuna Magna Xota zazpigarren da (5 puntu). Datorren jardunaldian Valentzian jokatuko du talde irurtzundarrak, sailkapenean azken aurrekoa, hamabosgarren den Alzira taldearen kontra.