Areto futbola

Osasuna Magna Xotak puntuak biltzen jarraitzen du

Guaixe 2023ko urr. 2a, 10:20
Partida oso lehiatua izan zen. XOTA

Alziraren kontrako partida puntu banaketarekin despeditu zen

Lehen Mailako Areto Futboleko Ligako laugarren jardunaldia jokatu da, eta Osasuna Magna Xotak galdu gabe jarraitzen du. Talde irurtzundarrak Alziraren kontra jokatu zuen, Valentzian. Partida gogorra eta borrokatua izan zen, Alzirak oraindik punturik ez zuenez, final bat bailitzan atera zelako kantxara. 

Xota aurreratu zen markagailuan, 13. minutuan, Juninhoren jaurtiketa indartsu bati esker. Alzirak zenbait aukera izan zituen, baina Asier Llamasek bikain zaindu zuen talde berdearen atea. Xotak ongi jokatu zuen, txukun defendatuz eta ofizioz jokatuz. Zorigaiztoko jokaldi batean, baloiak Toni Escribanon jo zuen eta errebotez Xotaren ate barruraino sartu zen; talde berdeak ate propioan sartu zuen gola. Markagailuan banakako berdinketa zela joan ziren atsedenaldira. 

Bigarren zatian lehia oso gogorra izan zen. Kontraerasoan bigarren gola sartu zuen Alzirak, baina Xotak ongi erantzun zuen, eta Linharesek bina berdindu zuen. Eta handik gutxira, Pachuk hirugarrena sartu zuen. 2 eta 3 aurreratu ziren berdeak. Erasoan jarraitu zuen Alzirak eta hiruna berdintzea lortu zuten. Azken unera arte berdinketa apurtzen saiatu ziren bi taldeak, baina puntu banaketarekin despeditu zen lehia. 

“Talde guztiak oso berdinduta gaude, eta berdinketa hau ere horren isla da” azaldu zuen partida bukaeran Miguel Hernandez Xotako entrenatzaileak. 

Lehen mailako sailkapeneko lider berria El Pozo Murcia da (12 puntu). Osasuna Magna Xota bederatzigarren da (6 puntu). Asteburu honetan ez da jardunaldirik jokatuko, baina hurrengoan Xotak El Pozo Murcia liderra hartuko du Anaitasunan.