Areto futbola

Xotak liderra tronutik jaitsi zuen

Guaixe 2023ko urr. 16a, 11:30

Osasuna Magna Xota, bat. XOTA

El Pozo Murciaren kontra garaipen sendoa lortuta, galdu gabe jarraitzen du talde irurtzundarrak. Aste honetan jardunaldi bikoitza du

Osasuna Magna Xotak hasiera ederra eman dio 2023/2024 denboraldiari, oraindik ez baitu partidarik galdu. Urriaren 14an, larunbata, talde berdeak El Pozo Murcia liderra hartu zuen Anaitasunan, eta partida zirraragarrian hiru puntuei eustea lortu zuen Miguel Hernanezen taldeak. 

Lehen zati bikaina egin zuen talde irurtzundarrak, txalotzeko modukoa. Horri esker, 4 eta 1 aurreratzea lortu zuen. Jhonatan Linharesek hiru gol sartu zituen, eta Toni Escribanok bestea. Bigarren zatia hasi eta berehala, bosgarren gola sartu zuen Fabinhok. Hortik aurrera El Pozo Murciak atezain jokalari formularekin jokatzea erabaki zuen, eta Xotaren taldera iristen hasi zen behin eta berriz, talde nafarra estutuz. El Pozo 5 eta 4 gerturatu zen, baina, zorionez, berdeek ongi eutsi zioten markadoreari eta garaipena etxean geratu zen. El Pozok, aldiz, lidergoa galdu zuen.  

“Garaipen honek gure autoestimuari eta konfiantzari sekulako indarra ematen dio. Lehen zatian sekulako partida jokatu dugu, eta bigarrenean eusten jakin dugu” azaldu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak, taldeaz harro. 

Jaen eta Palma
Lehen Mailako Areto Futbol Mailak lider berria du Barça (13 puntu). Osasuna Magna Xota zazpigarren da (9 puntu), eta bost jardunaldi jokatuta, galdu gabe jarraitzen du. 

Urriaren 18an, asteazkena, Jaenen kontra jokatuko du Xotak, Andaluzian. Eta urriaren 20an, ostirala, Xotak Mallorca Palma Futsal hartuko du Anaitasunan, 18:00etan.