Areto futbola

Osasuna Magna Xotak hitzordu garrantzitsua du Andaluzian

Guaixe 2023ko urr. 18a, 10:55

Osasuna Magna Xotako espedizioa, Jaenera abiatu baino lehen. XOTA

Jaenen kontra jokatuko du gaur, urriak 18, 21:00etan

Lehen Mailako Areto Futbol Mailan jardunaldi bikoitza jokatuko da aste honetan. Gaur, urriak 18, Osasuna Magna Xotak Jaen izango du aurkari 21:00etan Jaenen jokatuko den partidan. Miguel Hernandezen taldeak atzo egin zuen Andaluziarainoko bidai luzea. 

Hitzordura konfiantzaz iritsi da talde irurtzundarra, larunbatean El Pozo Murcia liderrari 5 eta 4 irabazi eta gero. Horregatik, egun Barça da lider berria (13 puntu). Osasuna Magna Xota zazpigarren da (9 puntu), eta bost jardunaldi jokatuta, galdu gabe jarraitzen du. Jaen hamabigarren da sailkapenean (4 puntu). 

Jaenen kontrako partida garrantzitsua da talde berdearendako, “Jaen suzko beste proba bat da, talde gisa ontzen jarraitzeko” azaldu du Dani Saldise jokalari irurtzundarrak. 

Jaenetik bueltan,  urriaren 20an, ostirala, Xotak Saldiseren talde ohia, Mallorca Palma Futsal hartuko du Anaitasunan, 18:00etan.