Areto futbola

Osasuna Magna Xotak bolada onean jarraitzen du

Guaixe 2023ko urr. 19a, 09:30

Xotak gogoz ospatu zuen garaipena. XOTA

Miguel Hernandezen taldeak itxura oso ona eman zuen Jaenen, eta hiru puntu garrantzitsu lortu zituen.

Urriaren 18an, asteazkena, Lehen Mailako Areto Futboleko ligako seigarren jardunaldia jokatu zen. Osasuna Magna Xotak Jaen izan zuen aurkari, eta partida serioan, 0 eta 3 gailendu zen talde irurtzundarra. Xotak bolada onean jarraitzen du, partidarik galdu gabe. 

Osasuna Magna Xotak itxura oso ona eman zuen eta jaun eta jabe izan zen. Jaeni ez zion bere jokoa egiten utzi. Eloy de Pablos, Fabinho eta Juninho izan ziren golegileak, eta lortutako garaipena gogoz ospatu zuten. 

Gehitzen jarraitu
Miguel Hernandez, Osasuna Magna Xotako entrenatzailea, pozik zegoen. “Taldea ongi dago eta bizi dugun uneaz gozatzen ari gara, baina kontziente gara oraindik hobetu beharreko gauzak landu behar ditugula, eta lanean jarraitu beharra dugula. 12 puntu ditugu eta ongi dago, baina puntuak gehitzen jarraitu beharra dugu, 12 punturekin ez goazelako inora” azaldu zuen. 

Urriaren 20an, Palma
Barça da Lehen Mailako liderra (16 puntu), eta Osasuna Magna Xota laugarren postura igo da (12 puntu). Urriaren 20an, ostirala, talde berdeak  sailkapenean bigarren den Mallorca Futsal (15 puntu) hartuko du Anaitasunan, joan zen urtean Dani Saldiseren taldea zena. Partida lehiatua izango da, Palmak lidergoa lortzeagatik borrokatuko duelako eta Osasuna Magna Xotak bolada onean segi eta goiko postuetan jarraitzeagatik.