Asier Galarza Iriarte palista eta frontenislari irurtzundarrak ez du aspertzeko betarik. Paleta goma eta frontenis denboraldiak tartekatzen ditu, eta, egutegiak bat egiten dutenean, biak uztartzen ditu. Bere egutegia erotzeko modukoa izaten da. Udan frontenisean egon da murgildua. Estatuan barna jokatutako hamabi-hamalau frontenis torneoetan parte hartu du, eta egindakoarekin kontentu dago. “Oso zaila zen aurreko bi urteak errepikatzea, baina ezin naiz kexatu”. Bereziki paleta goma denboraldia nabarmendu du, ikusgarria izan delako.
Denboraldi borobila
Paleta Goma denboraldia irailean hasten da. 2022/2023 denboraldia bikain hasi zen San Juan klubean dabilen aurrelari irurtzundarrarendako, irailean Fronton Lopezek antolatutako Mastersa irabazi baitzuen Egoitz Gamiorekin. “Masterserako aurreko urteko sei aurrelari eta atzelari onenak hartzen dituzte, eta rankinga egiten dute. Hau da, bikoteak egiteko aurrelari onena seigarren atzelari onenarekin jartzen dute, bigarren aurrelari onena bosgarren atzelariarekin... eta horrela, errenkadan, bikoteak mailakatzeko asmoz. Niri Egoitz Gamio baztandarrarekin egokitu zitzaidan, eta oso gustura aritu ginen. Mastersa irabazi genuen” azaldu du aurrelariak. Azaroan Nafarroako Kluben Arteko Bost eta Erdiko Paleta Goma Txapelketa irabazi zuen, banaka, eta 2023 urtea astearekin batera garaipenak bata bestearen atzetik iritsi ziren: Atarrabiako Andoni Alberrorekin bikotea osatuta, martxoan Euskal Herriko Bikotekako Ohorezko Mailako Txapelketa irabazi zuten; maiatzean Lopez Frontoian jokatzen den Graciano Iriarte Memoriala; eta ekainean Nafarroako Bigarren Mailako Paleta Goma Txapelketa. Horretaz gain, Berriozar, Artika, Labiano eta Atarrabiako txapelketetan parte hartu zuen, arrakastaz.
2023/2024 denboraldiari ekin dio, berriz ere goitik, irailean Fronton Lopezeko Mastersa irabazi baitzuen, rankingari jarraituz Alex Otanorekin (Amaya) bikotea osatuta. Aritz Iturri (Egües) eta Ibai Santesteban (Fronton Lopez) izan zituzten aurkari, eta 25 eta 22 irabazi zieten. “Otanorekin jokatzen nuen lehen aldia zen, eta gustura aritu ginen. Finala oso estua izan zen, partida luzea. Ordu eta erdi pasa egon ginen jokoan. Hasieran paretsu ibili ginen, seina eta zazpina berdinduta. Gero eurek aldea atera zuten, 8 eta 13, baina partidari buelta ematea lortu genuen eta 24 eta 18 jarri ginen aurretik. Bukaeran gogotik sufritu genuen, 24 eta 22 hurbildu zirelako, baina sufrituz 25 eta 22 gailentzea lortu genuen, poz handia”.
"Paleta gomako denboraldia bikaina izan da; frontenisekoarekin ere ezin naiz kexatu"
Datorrena
Aurki Nafarroako Banakako Paleta Goma Txapelketa hasiko da, baina Asier Galarzak atseden hartu nahi du. “Udan Pirinioetan lesionatu nintzen, baina frontenis txapelketak zirela eta ez nuenez atseden hartu, lesioa ez zait behar bezala osatu. Beraz, litekeena da Banakakoan ez aritzea. Gorputzari ongi etorriko zaio atsedena, errehabilitazioan bainabil. Abenduan Eguberrietako hiru frontenis txapelketetan parte hartuko dut, tartean Irurtzungoan, neronek antolatzen dudana, eta ilbeltzetik aurrera paleta gomari gogoz ekitea da asmoa. Ilbeltzean Binakako Nafarroako Txapelketa hasiko da, eta Andoni Alberrorekin errepikatuko dut. Joan zen urtean bigarren mailakoa irabazi genuenez, aurten lehen mailan arituko gara; ea zer moduz moldatzen garen. Martxotik maiatzera Graciano Iriarte Memorialean Jesus Urrarekin jokatuko dut, eta Euskal Herriko Bikotekako Ohorezko Mailakoan ere parte hartuko dut, baina oraindik ez dut erabaki norekin. Ilbeltza eta martxoa bitartean jokatuko denez, guztia uztartzea eromena izango da”.
Frontenisean, espero baino hobe
Udan frontenis txapelketetan murgildua ibili da Galarza, “aurreko bi urteetan baino gutxiagotan, Euskal Herrian, Bartzelonan, Madrilen, Segovian, Zaragozan, Valentzian...”. Kontentu dago egindakoarekin. “Aurreko denboraldikoa errepikatzea oso zaila zen. Hogei torneo ingurutan parte hartu nuen, eta emaitzak oso onak izan ziren. Aurten hamabi-hamalau torneo izan dira, eta ezin naiz kexatu. Lesioagatik gutxi entrenatuta, eta emaitzak espero baino askoz hobeak izan dira”.
Asteburuan Zaragozako Pilarko Frontenis Txapelketako txapeldunordea izan zen Jesus Dominguezekin. Dominguez izan da bere bikotea torneo askotan, baina zenbait txapelketetan beste bikoteak izan ditu, Burgosko Jony Serna, Segoviako Luismi Sanchez, Valentziako Adrian Gasch eta Madrilgo David Rodriguez, esaterako. “Valentzian, Bartzelonan eta Madrilen gora egin du frontenisak; federazioak frontenisa sustatzeko lana egiten ari dira, eta nabaritzen da. Nafarroan, esku pilota, pala motza eta larruzko pala sustatzen dira gehiago, Espainiako eta Mundialeko txapelketetan jokatzen diren modalitateak”.
Asier Galarzak 33 urte ditu eta palan urte asko ditu aurretik, palak luzaroan jokatzeko aukera ematen duelako. “40 urtetik gora dituzten goi mailako palistak daude, sekulako sasoia dutenak eta izugarri jokatzen dutenak”. Gehienak oso lehiakorrak dira. “Maila jakin bat duzunean, hor segi nahi duzu”.
Pala frontenisa baino gogorragoa da. “Palak gehiago pisatzen du, pilota gogorragoa da eta abiadura handiagoa. Defendatzea gehiago kosta egiten da, baina erasorako eskertuagoa da. Frontenisean erreakzionatzeko denbora gehiago duzu, Euskal Herriko frontoietan bereziki. Izan ere, hemengo frontoien txape esku pilotako txapa da, baina estatuko frontoi askoren txapa squashekoa da, baxuagoa. Hor errazagoa da erremateak egitea eta tantoa egitea”.
Irurtzungo frontenis txapelketa prestatzen
Eguberrietan, abenduaren 16an Huescako frontenis txapelketa jokatuko da, abenduaren 23an Irurtzungoa eta abenduaren 30ean Magallonekoa (Zaragoza). Hiruretan parte hartzeko asmoa du Galarzak. Dagoeneko Irurtzungoa antolatzen hasi da, bera baita antolatzailea. “Jendea galdezka dut, ea noiz eman dezaketen izena. Eta, dagoeneko, eman daiteke. Nahi duena jar dadila nirekin harremanetan (699 453 490)”.
Joan zen urtean Irurtzungo frontenis txapelketak errekorra apurtu zuen, estatuko txoko askotatik hurbildutako 64 bikote lehiatu baitziren, frontenis jokalari onenak, Sakanako eta Larraungo zortzi pilotalekuetan. Torneo prestigiotsu honen sariak garrantzitsuak dira: txapeldunek 800 euro, bigarrenek 400 euro, eta hirugarrenek 150 euro. “Azpiegitura guztia eta hornidura prestatu, baimenak eskatu, babesleak lotu... lan itzela izaten da, baina Irurtzungo txapelketak harrera oso ona du, jendeak oso gustuko du, eta berehala guztia prestatzen hasiko naiz. Egunean lagunek laguntzen naute”.