Areto futbola

Xota, geldiezina

Maider Betelu Ganboa 2023ko urr. 23a, 10:28

Urriaren 20koa partida zirraragarria izan zen. XOTA

Laugarren garaipena lortu ondoren Lehen Mailako sailkapeneko hirugarren postura igo da talde irurtzundarra

Osasuna Magna Xotak aste borobilari ginga jarri zion urriaren 20an, ostirala, Anaitasunan, sailkapenean bigarren zen Mallorca Palma Futsal talde indartsuari 4 eta 3 irabazi ondoren. Garaipen horri esker, Lehen Mailako hirugarren postura igo da talde irurtzundarra, Palma bigarrenarekin puntutanberdinduta. 

2.030 zale bildu ziren Anaitasunan Osasuna Magna Xotak eta Mallorca Palma Futsalek jokatzekoa zuten partidaz gozatzera. Bi taldeak ongi hasi ziren, eta nor baino nor lehiatu ziren. Fabinhok mustu zuen markagailua, baina hiru minutura Palmak berdindu zuen. Linharesek atzera ere Xota aurreratu zuen, baina bigarren zatia hasi eta berehala bina berdindu zuen Palmak. Gainera, handik gutxira hirugarrena sartu zuten Palmakoek, eta lehenengoz 2 eta 3 aurreratu ziren. Xotak ez zuen behera egin, eta Fabinhok hiruna berdindu zuen. Berdinketarekin bi taldeek gora egin zuten. Linharesek penalti bikoitza barkatu egin zuen, baina ez, ordea, Juninhok, partida bukaerarako 5 minuturen faltan 4 eta 3-koa sartu baitzuen. Azkeneko 5 minututan gogor eutsi zioten irurtzundarrek, eta garaipena etxean geratu zen. 

“Gaur txanpona alde atera zaigu eta oso pozik gaude. Taldea dinamika ikusgarrian dago, konfiantza handiarekin, eta partidari buelta emateko eta garaipena lortzeko gai izan gara. Orain disfrutatzea dagokigu” azaldu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak partida bukaeran. 

Derbiaren atarian
Zazpi egunetan Osasuna Magna Xotak El Pozo Murcia, Jaen Paraiso Interior eta Palma Futsal mendean hartu ditu. Barça da liderra (19 puntu), Mallorca Palma Futsal bigarren (15 puntu) eta Osasuna Magna Xota hirugarren (15 puntu). Urriaren 28an, larunbata, Ribera Navarraren eta Xotaren arteko derbia jokatuko da Tuteran. Tuterarrak hamahirugarren dira sailkapenean (5 puntu).