Astekaria

"Baratze komunalen ur sistema berezia da"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko urr. 25a, 13:33

Felix Mendia Irutzungo baratze ekologiko komunalen erabiltzailetako bat, baratzetan.

Uztailean baratze ekologiko komunalak martxan jarri zituzten Irurtzunen. Felix Mendia irurtzundarra erabiltzaileetako bat da, eta pixkanaka baratzeko lanera egokitzen ari da.

Lursailak igerilekuen ondoan daude, eta hortik hartzen dute ureztatzeko ura.

1. Nola jakin zenuen Irurtzunen baratze ekologiko komunalak zeudela?
Baratzeak antolatzeko edo proiektua osatzeko batzorde bat sortu zuen udalak, eta nik batzorde horretan parte hartu nuen. Hasieratik sartu nintzen proiektuan. Zinegotziak eta zinegotzi izandako batzuk sartu ginen diseinua egiteko; herrian zer nahi eta behar genuen begiratu genuen, eta ikusi genuen aukera ona izanen zela Irurtzunen horrelako zerbait egitea. Bileretan erabaki zen non izango zen, eta begiratu genituen beste herritako antzeko proiektuak, Berriozarkoa, adibidez, baita hango arauak ere. Pixkanaka zirriborro bat osatu genuen, gero udalak txukundu eta zuzendu zuena, eta apirilean onartu zuen. Proiektua nahiko azkar egin zen, baina baratzeak uztailean banatu zituzten, gutxi gorabehera, eta jendea pixkanaka lantzen ari da.

2. Zenbat baratze daude?
Baratzeak Berrozen daude eta 31 lursail daude, bakoitza ehun metro karratu ingurukoa. Jendeak gustura hartu du ekimena, gogoz, eta gehienak hartuta daude. Badaude bizpahiru landu gabe, baina jende berria sartzen ari da. Tamaina egokia daukate . Oso ongi daude.

3. Zergatik ikusi zenuten beharrezkoak zirela?
Irurtzungo Udalak ikusi zuen beharra eta nik, esaterako, interesa nuen.

4. Zein izan da prozesua? Zer egin behar izan duzu baratzea hartzeko?
Udalak arauak onartu ondoren Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren. Irurtzundarra izan behar duzu, hemen erroldatuta egon behar duzu. Lursailen % 80 zuzenean esleituko zaie baldintzak betetzen dituztenei. Lursailak baino interesdun gehiago egonez gero, zozketa egingo zuela onartu zuen udalak. Eta hala gertatu zen, zozketa egin behar izan zuten. Lursailen beste % 20 egoera zaurgarrian dauden pertsonendako da. Bi urterako kontratua sinatu dugu, eta gehienez bostera luzatzeko aukera izango dugu. Helburuetako bat nekazaritza ekologikoa bultzatzea da, eta beraz ekologikoak izan behar dute.

5. Zer esan nahi du horrek?
Ezin dela herbizidarik, pestizidarik edo ongarri kimikorik erabili; ongarri naturala erabili behar dugu. Auzokonpostera bat jartzea ere aurreikusita dago.

6. Ura nondik jasotzen duzue?
Berezia da urarena: igerilekuetako ura aprobetxatzen da. Igerilekua oso handia da eta egunero, legez, uraren %5 berritu behar dute. Ia 30.000 litro dira. Bi depositu daude, eta bakoitzak 25.000 litro hartzen ditu. Orduan, depositu batean igerilekuko ura sartzen da, eta bestera pasatzen den bitartean kloroa garbitzen da. Xabier Zubialde ingeniariak diseinatu zuen sistema.

7. Baratzea uztailean hartu zenuten, udako sasoiaren erdian. Uztarik izan duzue?
Kanpoan nengoenez beranduago hartu nuen. Ez digu denborarik eman uzta jasotzeko. Orain negukoak landatzen hasi gara: azak, azaloreak, laster espinakak jarriko ditugu, porruak eta belar usaintsuak ere jarri ditugu, hala nola albaka, mendafina eta beste hainbat.

8. Aurretik baratzean esperientzia zenuen?
Bai, baratzean aritua naiz. Ez da guztiz berria niretzat, baina ez naiz aditua. Moldatzen naiz. Bikotekidearekin aritzen gara, pixkanaka. Azken denboraldian denbora gutxi eskaintzen diot, denbora gutxi dudalako. Bestela, askoz maizago etorriko nintzateke.

9. Ikasteko zerbait egiten ari zara?
Bitxia da baratzeetan dagoen aniztasuna; jatorri desberdineko jendea dago: hegoamerikarrak, arabiarrak, Europa ekialdekoak... Bakoitzak bere modura egiten du, eta elkarrengandik ikasten dugu. Otsailean edo martxoan, udaberriko sasoira begira, udalak baratze ekologikoak zaintzen ikasteko ikastaroren bat egin nahi du.

10. Zer suposatzen du baratzen bat izateak?
Nik uste dut hiri batean edota herri batean baldin bazaude ere zure jakiak landatzea eta jatea garrantzitsua dela. Ez da bakarrik zerbait sinbolikoa, zerbait gehiago bada.

11. Non gordetzen dituzue baraterako tresnak eta abar?
Momentuz ez udgu ezer, eta moldatzen gara. Pixkanaka beharrak sortzen joango dira; hasiberriak gara. Baina jendea oso pozik dago. Lursailetan ezin dugu etxolarik edo horrelakorik egin, baratzea da bakarrik.