Areto futbola

Derbia, Xotarendako

Guaixe 2023ko urr. 30a, 10:05

Osasuna Magna Xotako jokalariak, pozez. XOTA

Osasuna Magna Xotak 2 eta 4 irabazi zion ATP Tudelano Ribera Navarrari partida zirraragarrian, eta ligako bigarren postuan jarraitzen du

Osasuna Magna Xotan zoriontasunean segitzen dute. Lehen Mailako zortzi jardunaldi jokatuta, oraindik ez dute porrotik ezagutu eta larunbatean euren bosgarren garaipena lortu zuten, ATP Tudelano Ribera Navarrari 2 eta 4 irabazita. Derbiak beti dira bereziak, baina azken honek zapore bereziagoa izan du, garaipenak ligako bigarren postuan jarraitzea dakarrelako. 

Azken 7 segundoak
Derbia oso lehiatua izan zen, eta markagailuak erakusten ez badu ere, zabal-zabalik egon zen bukaeraraino. Hasieratik partidan guztiz sartuta egon ziren bi taldeak, eta aukera politak sortu zituzten. Horietako batean Tonyk Xota aurreratu zuen, baina Ribera Navarrak talde berdea estutu zuen, hiru minutu barru berdinketa lortuz. Bigarren zatia hasi eta berehala Pachuk Osasuna Magna 2 eta 1 aurreratu zuen, jaurtiketa indartsu bati esker. Eta handik gutxira berdeen hirugarrena sartu zuen Fabinhok. Ribera Navarrak ez zuen etsi, eta Soufian Charraouik sartutako golari esker atzera ere partidan sartu zen, 2 eta 3 gerturatuz. Bi taldeak erasoan zebiltzan, eta edozer gerta zitekeen. Horrela, azken 7 segundoak erotzeko modukoak izan ziren. Xotaren seigarren faltagatik penaltia izan zuen eskura Ribera Navarrak, baina Alejandro Palazón ordezko atezainak penaltia gelditu zuen, zale irurtzundarren gozamenerako. Azken segundotan Juninhok sartutako laugarren golak lasaitasuna ekarri zuen eta 2 eta 4 irabazita, ederki ospatu zuen Xotak. 

Azken unera arte, borrokan
Pozik zegoen Miguel Hernandez entrenatzailea. “Oso paretsu geunden. Azken zazpi segundotan denetatik gerta zitekeen: Ribera Navarrak hiruna berdintzea, edo guk penaltia gelditu eta, gainera, azken gola sartzea. Zorionez, azkeneko hau gertatu da. Aurreikusi bezala, sufritu dugu. Azken unera arte egon behar da borrokan”. Halaber, minutu gutxiago dituzten jokalariak “taldean oso sartuta eta prest” daudela nabarmendu zuen, eta hurrengo pausoa ostiraleko partida “behar bezala” prestatzea dela gaineratu zuen, “puntu gehiago behar ditugulako”. 

Barça da Lehen Mailako liderra (19 puntu) eta Osasuna Magna Xota bigarren (18 puntu). Azaroaren 3an, ostirala, Xotak sailkapenean hamargarren den Industrias Santa Coloma hartuko du Anaitasunan, 19:30ean.