Areto futbola

Cantera Xotaren gainetik pasa zen

Guaixe 2023ko aza. 2a, 09:05

Xotako Lehen Senior Mailakoak, jokoan. ARTXIBOA

Emakumezkoen Lehen Senior Mailako laugarren jardunaldiak ez zuen Irurtzunen punturik utzi

Emakumezkoen Lehen Senior Mailako laugarren jardunaldian Xotak Cantera taldea hartu zuen urriaren 29an Atakondoan. Cascanteko taldea bigarrena da sailkapenean, eta sasoi bikainean eta animoz beteta daudela erakutsi zuten Irurtzunen. Lehen zatia borrokatua izan zen. Irurtzundarrak saiatu ziren, baina Canterakoak 0 eta 2-ko aldearekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian joera berdinarekin jarraitu zuen partidak. Xota partidari buelta ematen saiatu zen, baina ezin. Canterak hirugarrena sartu zuen 31. minutuan, eta irurtzundarren asmoak zapuztu zituen. Partida bukatzear zela, 39. minutuan, laugarrena sartu zuen Cascanteko taldeak, eta, azkenean, 0 eta 4 gailendu zen, irurtzundarrendako kolpe latza. 

Emakumezkoen Lehen Senior Mailako liderra Promesas EDF taldea da (12 puntu). Azaroaren 3an, ostirala, 20:00etan Berriozarko kiroldegian jokatuko den partidan sailkapenean bosgarren den Mendialdea A taldearen kontra jokatuko du Xotak.