Areto futbola

Bolada onari, agur

Guaixe 2023ko aza. 6a, 09:50

Dani Saldise, partidaren une batean. XOTA

Santa Colomak Osasuna Magna Xotaren denboraldi hasiera bikaina zapuztu zuen. Talde berdeak lehen porrota jaso du eta hirugarren postura jaitsi da

Noizbait iritsi beharra zuen, eta azaroaren 3an izan zen. Lehen Mailako Liga hasiera bikaina izan du Osasuna Magna Xotak, eta lehendabiziko zortzi jardunaldietan ez du porrotik ezagutu. Bederatzigarren jardunaldira arte. Miguel Hernandezen taldeak Santa Coloma hartu zuen azaroaren 3an Anaitasunan, eta 2.375 zaleren aurrean denboraldiko lehen porrota sufritu zuen, Kataluniako taldearen kontra 1 eta 3 galduta. 

Ongi hasi zen Osasuna Magna Xota, laugarren minutuan Andres Geraghtyk taldea aurreratu baitzuen, baina Santa Colomak berehala bana berdintzea lortu zuen, defentsa akats bat probestuz. Hortik aurrera partida izugarri gogortu zen. Bigarren zatian lehiak bizi-bizi jarraitu zuen. Santa Colomak geroz eta aukera gehiago sortzen zituen; aldiz, berdeek elkar ulertzeko zailtasunak zituzten. Santa Colomaren jokaldi azkar batean pase bikaina Corsok bikain errematatuz iritsi zen Santa Colomaren bigarren gola, eta kataluniarrek azkar batean hirugarrena sartu zuten, errebote baten ondoren. 

Osasuna Magna Xotak atezain-jokalari formula erabili zuen azken 5 minututan. Jokaldi politak sortu zituzten, baina arrisku gehiegi sortu gabe. Eta horrela bukatu zen partida, 1 eta 3 galduta, denboraldiko lehen porrotarekin. 

“Bagenekien iritsiko zela” dio Hernandezek
Miguel Hernandezek Osasuna Magna Xotaren gol falta nabarmendu zuen. “Aurretik jartzeko aukera izan dugu, baina ez dugu gauzatu. Lehen zatian ongi aritu gara, baina bigarrenean antsietatez”. Jokalariek ez zutela euren egunik onena izan aitortu zuen. “Dena den, bagenekien lehenago edo beranduago lehen porrota iritsiko zela. Hortaz, altxatu eta hurrengo partida prestatu, ez dago besterik”. 

Hirugarren
Barçak jarraitzen du Lehen Mailako lider (22 puntu), eta Osasuna Magna Xota bigarren postutik hirugarrenera jaitsi da (18 puntu), bigarren den Jimbee Cartagenarekin puntutara berdinduta. Hamargarren jardunaldian Quesos Hidalgo Manzanares izango du aurkari talde irurtzundarrak, azaroaren 11n, larunbata, 18:00etan Manzanaresen (Ciudad Real) jokatuko den partidan.