Astekaria

"Bakoitzaren postrea, sekretu handia izaten da"

Maider Betelu Ganboa 2023ko aza. 13a, 13:30

Miriam Rekalde Maestre, postre lehiaketan lortutako sari batekin. UTZITAKOA

Irurtzungo San Martinetan Erga Larreak elkarteak antolatzen duen postre lehiaketa makina bat aldiz irabazi du Miriam Rekaldek. Bere amarekin lehia sanoa izaten du

1. Noiztik parte hartzen duzu Irurtzungo San Martin festetan Erga Larreak elkarteak antolatzen duen postre lehiaketan?
Aspalditik. 2013 urtean hasi nintzela uste dut. Ordutik urtero aritu naiz, epaimahaiko kide izan nintzen aldi bat salbu. Eta, jakina, pandemiagatik txapelketa bertan behera geratu zen bi urteetan izan ezik. 

2. Zergatik animatu zinen? 
Sukaldaria naiz, hori da nire lanbidea. Kozinatzea gustuko dut, eta sukaldaritzaren barruan postreak egitea izugarri gustatzen zait. Hor lantzen dut nire sormena. Astero etxean postreren bat egiten diet. Behin pentsatu nuen: animatu eta San Martinetako postre txapelketara aurkeztuko naiz, ea zer ateratzen den. Gustatu zitzaidan, eta urtero aurkezten naiz. 

3. Jende asko animatzen omen da lehiaketara.
Bai, mahaia beti postrez betetzen da. Pandemiaren ondoren kopurua pixka bat jaitsi zen, baina hala ere jende asko animatzen da, bai parte hartzera, eta baita txapelketa ikustera ere. 

4. Txapeldun handia omen zara. Zenbatetan irabazi duzu?
Sarritan, ez dut inoiz zenbatu. Jarriko banintz zenbakia aterako nuke, baina ez diot ere aparteko garrantzirik ematen. Niri parte hartzea gustatzen zait. Urtero lehendabiziko saria, bigarrena edo hirugarrena lortzen dut, hor ibiltzen naiz. Arroz-esne mousse-az betetako krepeak, kanutillo edo kiribilak... denetatik egin dut.  

5. Sarritan txapelduna izan zarenez, urtero irabazteko presioa izango duzu.
Bai (kar-kar). Nire ama eta biok beti aurkezten gara; berari ere postreak asko gustatzen zaizkio. Batzuetan biek lortzen dugu sariren bat; noizbait berak irabazi du eta ni bigarren izan naiz, edo hirugarren... Bata edo bestea, sarituak izaten gara beti. Nik irabazten dudanean ilusio handia izaten dut, baina amak irabaztea ere gustuko dut. 

6. Hortaz, etxetik hasita hasten da lehia...
(Kar-kar) Bai! Batak besteari ez diogu kontatzen zer prestatuko dugun. Lehiaketara aurkeztu aurretik norberak bere etxean egiten dugu, gainontzekoek proba dezaten. Bakoitzak zein postre aurkeztuko duen, gure familian sekretua izaten da. Askotan liburuetan edo telebistan zerbait berezia ikusi, eta txapelketan pentsatzen dugu. Beti ideiak hartzen! Dena den, normalean azken unera arte ez dugu erabakitzen. Izan ere, asko pentsatu beharra dugu, urte asko baitaramatzagu lehiaketan parte hartzen. Azkenean ia ez dugu gauza berririk prestatzeko. 

7. Postreak ezin dira errepikatu?
Errepikatu daitezke, urtero epaimahai ezberdina baitago. Baina polita da urtero gauza ezberdinak probatzea eta egitea. 

8. Sukaldari profesional zaren aldetik iruditzen zaizu txapelketara kategoriazko postreak aurkezten direla?
Bai. Epaimahai lanetan egon nintzenean oso zaila izan zen erabakia hartzea, postre bikainak aurkezten direlako. Zaporea, elaborazio prozesua eta egindako lana, originaltasuna, aurkezpena... guztia hartzen da kontuan. Maria Eugenia Barrosok hartzen ditu postreak, eta bakoitzari zenbaki bat jartzen dio, inork ez jakiteko nork aurkeztu duen zer. Bukaeran, epaimahaiak hiru postre onenak izendatzen ditu eta orduan jakiten da norenak diren. Sariak beti gozogintzako gauzak dira: irabiagailu bat, pisua, Argiñanoren liburua... halako gauzak. Dena den, zure postrea txapelduna izan dela jakiteak, horrek ez du preziorik. 

9. Beraz, argi dagoena da San Martin festetan postre lehiaketa klasiko bat dela. 
Bai, guztiz. Jende asko joaten da txapelketa ikustera; giro ederra egoten da, eta bukaeran postre guztiak dastatzen dira. San Martin festak, egia esan, bereziak dira irurtzundarrendako. Udatik kanpo izanda, eta inon festarik ez dagoenez, gustura hartzen dira. Azoka, erraldoiak, musika, jai giroa... polita izaten da.

10. San Martinetan propio dastatzen duzuen postre edo jaki berezirik ba al duzue? Berezko errezetarik?
Ez, San Martinetan berez jaten dugun produktu edo jaki tipikorik ez dugu. Ez gozorik, ez bestelakorik. 

11. Irurtzun herri bizia da. Festetarako gogotsu zeunden? Aurten ere postre lehiaketara animatu zinen?
Irurtzunen beti dago zerbait, egia da. Lan egitea zegokidan, baina parranda pixka bat egin nuen, eta, jakina, postre txapelketara aurkeztu nintzen. Aurretik prestatu nuen, etxean, eta gustatu zitzaien.