Areto futbola

Betisen kontra konfiantza berreskuratzera

Guaixe 2023ko aza. 13a, 10:10

Osasuna Magna Xotak ezin izan zion partidari buelta eman. XOTA

Manzanaresen kontra bigarren porrota jarraian kateatu ondoren, Osasuna Magna Xotak azaroaren 14an Betisen kontra jokatuko duen partidan egoerari buelta eman nahi dio

Osasuna Magna Xotak Manzanares izan zuen aurkari Lehen Mailako Areto Futbol Ligako hamargarren jardunaldian. Talde irurtzundarrari partidan sartzea kosta egin zitzaion, baina berehala parez pare lehiatu ziren bi taldeak. Partida itxia zen, eta gol aukerak sortzea kosta egin zen. Atsedenaldia baino lehen Manzanaresek aurreratzea lortu zuen, eta bigarren zatia hasi eta berehala, ia konturatu gabe, bigarrena sartu zuen Ciudad Realgo taldeak. Xotak gehiegi barkatu zuen, eta garesti ordaindu zuen. 

Manzanaresek ongi jokatu zuen, eta Xotak partidari buelta eman nahi zion. Jokaldi arriskutsuak sortu zituen Xotak, baina Pachu, Fabinho eta Eloyren saiakerek ez zuten fruiturik eman. Aldiz, Manzanaresek hirugarrena sortu zuen Xotaren irteerako akats bat probestuta. 

Hiru goleko aldea zela eta, Miguel Hernandezek atezain-jokalari figura jarri zuen martxan. Horrela, Pachuk Manzanaresen atea zulatzea lortu zuen, eta 3 eta 1 gerturatu zen Xota. Xotak bere buruan sinisten zuen, baina Manzanaresen laugarrena kolpe latza izan zen. Hala ere, Fabinhok bigarrena sartu zuen, eta 4 eta 2 gerturatu ziren irurtzundarrak. Tamalez, ez zen gehiagorako astirik izan. 

Miguel Hernandez entrenatzailearen iritziz, “espero bezala, partida gogorra eta zaila” izan zen. “Manzanares talde sendoa da eta ederki estutu gaituzte. Aitortu beharra dago ere baloiarekin ez garela oso fin ibili. Taldeak baloiarekin konfiantza gehiago hartu beharra du” nabarmendu zuen. Txapelketa oso estua eta paretsua dagoela argi du. “Partidak oso borrokatuak dira eta txisparik gabe bazaude, beste taldeak asko du egina. Beraz, altxatu, taldea berriro egokitu, zentratu eta konfiantza hartu, ez dago besterik”. 

Betis eta Inter
Lehen mailako areto futbol ligan Barçak lider jarraitzen du (28 puntu) eta Osasuna Magna Xota hirugarren postutik seigarrenera jaitsi da (18 puntu). Aste honetan jardunaldi bikoitza jokatuko da. Azaroaren 14an, asteartea, Osasuna Magna Xotak sailkapenean azken aurrekoa den Betis Futsal hartuko du Anaitasunan 21:00etan abiatuko den partidan. Eta azaroaren 17an, ostirala, zazpigarren eta arerio zuzena den Inter Movistar izango du aurkari Xotak, 19:30ean Torrejon de Ardozen jokatuko den partidan.