Bi neska drogatu dituztela salatu dute

Guaixe 2023ko aza. 14a, 10:02

Irurtzungo ikuspegia. ARTXIBOA

San Martin festetako larunbatean izan zela adierazi dute.

Larrazpi gazte elkarteak sare sozialen bidez jakinarazi du larunbat gauean, azaroaren 11n, bi neska drogatu zituztela. "Gure lokalean izan ez den arren, herria jakinaren gainean egotea nahi dugu, kexatuz eta hori seinalatuz", adierazi du gazte elkarteak. Larrazpikoek gaineratu dutenez, "askotan gertatzen diren egoera hauek baztertzen ditugu, nekatuta gaude".

Izan ere, Larrazpi gazte elkarteak zabaldu duen oharrean jakinarazi duenez, "hainbat hilabete pasa dira gutako asko sufritzen edo jarrera matxistak ikusten hasi ginenetik. Azken aldian, gure herrian edo inguruan gertatu dira halakoak, eta ia beti isilik gelditzen gara, gertatutakoari bizkarra emanez". Azaldu dutenez, "komentario desatseginak, jazarpena edo erasoak" dira sufritu edo ikusi dituztenak.