Areto futbola

Garaipenaren xendara itzuli da Osasuna Magna Xota

Guaixe 2023ko aza. 15a, 10:04

Osasuna Magna Xotak markagailua irauli zuen. XOTA

Betisen kontra hiru puntu oso garrantzitsu lortu ditu talde irurtzundarrak

Azken bi partidetako porrotaren ondoren, irribarrea berreskuratu du Osasuna Magna Xotak, azaroaren 14an Real Betisen kontra Anaitasunan lortutako garaipenari esker. 

Partida ez zen ongi hasi Miguel Hernandezen mutilendako, partida hasi eta berehala, lehen minutuan, ia konturatu gabe Betisek gola sartu eta gero. Osasuna Magna Xota erasoan hasi zen, eta arriskua sortu zuen Betisen atean. Azkenean, Ion Cerviño izan zen irurtzundarren markagailua mustu zuena, baloia bikain jaitsi eta Molina atezainaren eta zurtoinaren artean jaurtita. Talde berdeak erasoan jarraitu zuen eta atsedenaldia baino lehen Geraghyk berdeen bigarren gola sartu zuen, jaurtiketa indartsua egin eta gero. 

Bigarren zatian Xotak garaipena sendotu nahi izan zuen. Atzera ere Geraghty izan zen Betisekoen atea zulatu zuena, ate ondoan Juninhoren pase bikaina bulkatuz. Betisek atezain-jokalari formula erabili zuen eta hainbat aukera izan zituzten, baina Asier atezainak, Xotaren defentsak eta langak euren asmoak zapuztu zituzten. Txirrinak jota, 3 eta 1 gailendu zen Xota. 

Miguel Hernandezen esanetan, Betisen kontrako garaipenak “aurreko garaipenen meritu berbera dauka”. Gola jaso ondoren, “taldea berregin zen, lanean hasi zen eta saria lortu zuen”. “Bertikalago” jokatu zutela eta “gol aukera gehiago” sortu zituztela nabarmendu zuen teknikariak.

Inter, hurrena
Momentuz Barçak jarraitzen du lider (28 puntu) eta Xota laugarren postura igo da (21 puntu). Lehen mailako hamabigarren jardunaldian Inter Movistar taldearen kontra jokatuko du Osasuna Magna Xotak azaroaren 17an, ostirala, 19:30ean, Torrejon de Ardozen.