Erga Larreak elkartean jokatu zen gozogintza lehiaketak zabaldu zuen aurtengo San Martin festetako egitaraua. Lehiaketara aurkeztu ziren postreak dastatzeaz Blanca Amoztegi, Maite Ayanz eta Jorge Angulo arduratu ziren. Epaimahaiak erabaki zuen postrerik onena Virginia Altunaren gazta tarta izan zela. Bigarren saria betetako trentza aurkeztu zuen Arantxa Olaguerendako izan zen eta podiuma Ginesita Maestrek eta bere trufek osatu zuten.
Ohi bezala, sariak gozogintzarekin lotutako etxetresnak izan ziren, zehazki: airea berotuz frijitzen duen gailua, irabiagailua eta baskula digitala. Txapelketaren antolatzaile Maria Eugenia Barrosok esan zuenez, jende dezente hurbildu zen Erga Larreak elkartera, giro ederra sortu zen eta aurkeztutako postreen dastaketan gustura izan ziren.