Irurtzungo igerilekuak itxuraldatuko dituzte

Guaixe 2023ko aza. 21a, 09:00

Kirol azpiegituran egiturazko lanak egin behar dira legedi berrira egokitzeko: gainezkabidea, arazketa sistemak, zerbitzuak eta beste. Dauden igerilekuak eraitsi eginen dira eta berriak egin. Beheko bi igerilekuak banatuta egonen dira, goikoa, berriz, txikiagoa izanen da. 

Irurtzungo Udalak igerilekuak birmoldatzeko lanen deialdia egin du. Kalitate eta prezio erlazio onena duen eskaintza egin duen enpresari emanen dio udalak obra. Lanak egiten interesa duen enpresak bere eskaintza hilaren 27ko 23:30era arte aurkez dezake. Lanek 617.663,64 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. 

Igerilekuak eta aldagelak 1981ean eraiki ziren, eta ordutik halako kirol azpiegiturak arautzen dituen legedia nabarmen aldatu da araudi, teknika eta osasun eta higiene arloetan. Horren ondorioz, Irurtzungo igerilekuek gaur egun ez dute legea betetzen, eta, horregatik, igerilekuak jasangarritasun irizpideei jarraituz egokitu nahi ditu udalak. Arazketa sistema ere berrituko du. 

Lanak 
Kirol azpiegituraren beheko partean bi igerileku daude. Batetik, erabilera anitzeko igerilekua laukia da, 25 metroko luzera eta zabalera, eta 0,65 eta 1,45 metro arteko sakonera du. Eta, bestetik, umeendako igerilekua dago, borobila, ertzetan 0,35 cm-ko sakonera duena eta erdigunean 0,50koa. Irakaskuntza igerileku berria hegoaldean egonen da eta 10 metro zabal eta luze izanen da. Haren sakonera 0,30 eta 0,46 metro artekoa izanen da. 38,8 metro kubiko ur hartuko ditu. Bere inguruko "hondartza" 1,5 eta 3 metro zabalera artekoa izanen da. Bi sarbide izanen ditu, dutxa duten bi sarbide independente izanen dira eta “hondartzaren” perimetro guztia hesituta egonen da. 

Behean, aldagelen eraikinaren ondoan, aisialdi igerileku lauki berria egonen da. Honako neurriak izanen ditu: 26,76 metro luze, 12,51 metro zabal. Haren sakonera 1,03 eta 1,75 artekoa izanen da. 447,85 metro kubiko ur hartzeko gaitasuna izanen du. Alde luzeen muturretan lau eskailera jarriko dira. Igerileku horren "hondartza" 2,5 metrokoa izanen da alde luzeetan eta 4,3 eta 4,5 artean alde motzetan. Harako ere bi dutxadun sarrera eta "hondatzaren" perimetroa hesitzea aurreikusi da. Bi igerileku horiek inguratzen duen espazioa belardia izanen da. Bi igerileku horien azpiegitura gela lur azpian egonen da eta hara sartzeko sarbide mugatu bat eginen da.

Goiko partean gaur egun neurri olinpikoak dituen igerilekua dago: 50 metro luze, 21 metro zabal eta eta 1,74 eta 2,04 metro arteko sakonera. Hura ere desegin eginen dute, eta berriarendako lur azpian instalazio aretoa eginen dute, sarbide mugatua izanen duena. Aisialdirako bigarren igerileku horrek tamaina txikiagoa izanen du: 40 metro luze, 20,51 metro zabal eta 1,46 eta 1,79 metro arteko sakonera. Hartan 1.340,94 metro kubiko ur sartuko dira. Hiru aldetan bere "hondartzak" 2,5 metroko zabalera izanen du, eta azpiegitura gela ondoko igerilekuaren alde txikian, berriz, 6,25ekoa. Igerilekuaren luzeren ertzetan lau eskailera jarriko dira. “Hondartzaren” perimetroa hesituta egonen da eta hara sartzeko dutxa duten hiru sarbide izanen dira.