Plazaola turismo partzuergoko Batzar Nagusiak Lekunberriko alkate Arkaitz Goikoetxea Arriola izendatu zuen erakundeko presidente hilaren 9an. Irurtzungo Udalak kide duen erakundean Goikoetxeak Aitor Larraza Carrera irurtzundarrari hartu dio lekukoa. Ardura utzi berritan, Larrazak "partzuergoari atxikitako establezimendu eta negozioen babesa eta konpromisoa eskertu" zituen, "baita partzuergoko kide diren udalena eta erakundeko langileena ere". Azken lau urteko ibilbidearen "balorazio oso positiboa" egin zuen, "etorkizun hurbilarekin oso ilusionatuta nago", gaineratu zuen. Izan ere, "heldu diren urteetan Plazaola-Mendialdeko turismo-estrategia eta Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Plana gauzatuko baita". Egitasmo horretan Plazaolaz aparte Ultzamaldeak eta Sakanak parte hartzen du. Egin gabekoei ere erreparatu zien Larrazak, esaterako: bide berdearen egoera juridikoa eta Nafarroako Gobernuarekin arlo horretan egin litekeen lankidetza hitzarmena edo partzuergoaren estatutuak berritzea.
Lan ildoak
Goikoetxeak "arduraz eta ilusioz" ekin dio ibilbide berriari. Partzuergoaren "turismo arloan duen bai Nafarroan bai kanpoan duen erreferentzialtasuna" nabarmendu zuen. Legegintzaldirako egitasmoen berri ematerakoan, Larrazak egitekoen artean aipatutakoak izan zituen hizpide. "Nafarroako Gobernuarekin akordioak bilatzeko asmoa berretsi zuen, Plazaolako bide berdea ahalik eta ondoen kudeatu, mantendu eta sustatzeko, gure lurraldeko turismo mugarri nagusietakoa baita. Testuinguru zabalagoan ere ezinbesteko eragilea da, esate baterako, Eurovelo 1ean eta Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritzak bulkatzen dituen zikloturismo produktuan eta zikloturismo produktu klubean", azaldu zuen.
Era berean, "Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Plana bat etorriz, eskualdeko nortasun ezaugarriek eta ondareak dakarten aberastasunetik abiatuta, turismo produktu berriak lantzeko apustua" berretsi zuen, “betiere sektore pribatuaren inplikazioarekin". Ildo horretan, Plazaola-Mendialdearendako komunikazio eta marketin plan bat bulkatzearen garrantzia azpimarratu zuen.
Gainera, erakundearen estatutuak berritzeko prozesua despeditzeko asmoa azaldu zuen, eta 2024an partzuergoak bere hogeita hamargarren urteurrena ospatuko duela gogorarazi zien batzarrera bildu ziren kidei. Bestalde, Lekunberriko turismo bulegoaren hurrengo lizitazioan parte hartzeko asmoa iragarri zuen.
Bulegoak eskaintzen duen zerbitzua hobetzeko lan egingo zuela esan zuen, eta eskualdeko turismo zerbitzu eta baliabideekin harremana estutzeko asmoa adierazi, horrek lagundu egingo baitu gure turismo-eskaintza indartzen, produktu berriak sortzen eta, ondorioz, gure lurraldea helmuga gisa hobeto sustatzen eta komertzializatzen. Gainera, oso baliagarritzat jo zuen Plazaolako denda eskualdeko produktuen erreferente gisa bultzatzeko orain arte egin den lana, eta protagonismo eta indar handiagoa emateko interesa azpimarratu zuen.
Azkenik, lurralde osoaren garrantzia nabarmendu zuen, baita sinergiak sortzeko beharra eta beste sektoreekin lan egiteko aukerak ere (lehen sektorea, zerbitzuak, artisautza, eta abar); aldi berean, erakunde eta enpresa berriak partzuergora erakartzearen garrantzia azpimarratu zuen, "indartsuagoa izateko eta eskaintza zabalagoa eta lehiakorragoa izateko".
Partzuergoko kideak
Gaur egun, partzuergoak zortzi udal ditu kideen artean: Araitz, Areso, Goizueta, Imotz, Irurtzun, Larraun, Leitza eta Lekunberri. Negozio pribatuak, berriz, 90 dira: ostatuak, artisau eta ekoizleak, ostalariak eta bestelako turismo-zerbitzuak. Arakilgo Udala joan zen urtean atera zen partzuergotik.