fUTBOLA

Nora Ruiz, Osasuna Beteranoekin jokatuko duen lehen emakumea

Guaixe 2023ko aza. 17a, 09:18

Nora Ruiz, Osasunaren kamisetarekin. IÑAKI PORTO

Futbol jokalari ohi irurtzundarrak azaroaren 18an, larunbata, Osasuna Beteranoekin debutatuko duen lehen emakumea izango da

Osasuna Beteranoak taldeak azaroaren 18an lagunarteko partida jokatuko du Ablitasen, ELA gaixotasunaren kontrako borrokaren aldekoa. Orain arte gizonezkoek osatzen zuten Osasuna Beteranoak taldea, baina Ablitasen partida horretan emakumezko batek jokatuko du eurekin: Nora Ruiz Melero irurtzundarrak. 

Nora Ruiz Melerok 30 urte ditu eta osasunazalea da txikitatik. 10 urte zituela hasi zen Osasuna taldean jokatzen, eta zortzi denboraldi eman zituen taldean, 2014an emakumezkoen lehen taldea desagertu zenera arte. Orduan Betis taldean jarraitu zuen bere ibilbidea, Sevillan. Lesioak zirela eta, futbola uztea eta Iruñera bueltatzea erabaki zuen, duela lau urte. 

Osasuna Beteranoak taldearekin aritzeko aukera “kasualitatez” sortu zaio. Urriaren 27an San Jorge ikastetxeko mahai inguru batera joan zen. Chus Luengo kazetariak, aldi berean Osasuna Beteranoak taldeko kidea denak, Osasuna Beteranoetan oraindik ez dutela emakumerik izan aipatu zuen, eta berarekin hitz egin ondoren, Osasuna Beteranoen egoitzan izan zen Ruiz eta taldean parte hartzea erabaki zuen. Esan bezala, azaroaren 18an debutatuko du, Ablitasen, eta partida jokatzeko “ilusio handia” duela nabarmendu du.