Areto futbola

Interren kontra partida txarra jokatu zuen Osasuna Magna Xotak

Guaixe 2023ko aza. 20a, 10:07

Tentsio handiko partida jokatu zuten Xotak eta Interrek. XOTA

Talde berdeak erraztasun handiak eman zizkion talde madrildarrari eta punturik gabe itzuli zen Madriletik. Azaroaren 21ean Kopako partida jokatuko du Xotak Laubururen kontra

Osasuna Magna Xotak Inter Movistar taldea izan zuen aurkari azaroaren 17an, ostirala, Pozuelo de Alarconen jokatutako partidan. Partida ongi hasi zen talde irurtzundarrarendako, lehen minutuan Juninhok Xota aurreratu baitzuen, baina pozak gutxi iraun zuen, segundo batzuk pasatuta Interrek bana berdindu zuelako. Linharesek aukera bikaina izan zuen, baina ez zuen asmatu. Interren presio itogarriaren ondorioz, deseroso sentitzen hasi zen Xota, eta atsedenaldia baino lehen Interrek sartutako beste bi golek talde irurtzundarrarendako kolpe handia izan ziren, bereziki madrildarrek eurek egindako akatsak aprobetxatu zituztelako. 

Bigarren zatian ez zegoen dominatzaile argirik, baina Inter efektiboago zen. Miguel Hernandezek atezain-jokalaria formula erabili zuen, eta une horretan 4 eta 1 aurreratu ziren madrildarrak. Bosgarren gola sartzeko aukera ere izan zuten. Xotak ez zuen partida galdutzat eman eta erasoan jarraitu zuen. Horrela, Linharesek Xotaren bigarren gola sartu zuen, baina ez zen gehiagorako tarterik izan eta 5 eta 2 galdu zuen talde irurtzundarrak. Erraztasun handiak eman zizkion Interri, eta efektibitate gehiago falta izan zitzaion. 

Miguel Hernandez entrenatzaileak partida bukaeran aitortu zuenez, “taldea ez da eroso egon. Ez dugu partida ona jokatu, eta Inter bezalako talde baten kontra aritzen zarenean, halakoa gertatzen da”. 

Kopa eta liga
Lehen mailako lider Barça da (31 puntu). Xota zazpigarren postura jaitsi da (21 puntu) eta Interrek gainditu du, puntu berberekin seigarren baita. Hamahirugarren jardunaldian, Xotak sailkapenean bigarren den Jimbee Cartagena taldea hartuko du azaroaren 24an, ostirala, 19:30ean, Anaitasunan, baina aurretik, azaroaren 21ean, asteartea, Osasuna Magna Xotak Lauburu izango du aurkari Errege Kopan, Ibarran jokatuko den partidan.