Euskal dantzen herria izan zen Irurtzun

Guaixe 2023ko aza. 20a, 11:06

2023ko Irurtzungo Udazkeneko jaialdian parte hartu duten dantza taldeen familia argazkia. UTZITAKOA

Urtero bezala aurten ere Orritz dantza taldeak Udazkeneko jaialdia antolatu zuen Irurtzunen. Azaroaren 18an, larunbatea, izan zen, eta herriko dantza taldearekin batera Altsasuko Etorkizuna eta Durangoko Kriskitin dantza taldeak aritu ziren.

"Dantza talde desberdinekin harremanak sortzeko egiten da Udazkeneko jaialdia"
ANE MARTIJA

Ane Martija Orritz dantza taldeko kidea da, eta jaialdiaren aurretik "urduri" zegoela aitortu zuen; azaroaren 18an, larunbata, Udazkeneko jaialdia antolatu zuen Irurtzungo dantza taldeak herrian. "Urtero egiten da euskal dantza talde desberdinekin, leku desberdinetako taldeekin harremanak sortzeko eta bakoitzak egiten dituen dantzak partekatzeko, ikusteko eta ezagutzeko". Bi talde gonbidatu zituzten aurten jaialdira: Altsasuko Etorkizuna eta Durangoko Kriskitin. Aurten, beraz, bi talde sakandarrek parte hartu zuten jaialdian, baina Martijak azaldu zuenez, "ez du zertan sakandarra izan behar. Noizbait ere Argentinatik etorri dira". Aurreko urtean Baigorriko Arrola taldearekin egindako elkartrukearekin bat egin zuen jaialdiak.

"Zehazki ez dakit noiz hasi zen Udazkeneko jaialdia hau antolatzen, baina badakit 2012. urtean Udaberriko jaialdia antolatu zela Irurtzunen, garai horretan udaberrian egin zelako". Hortaz, dantza jaialdia ez da berria Irurtzunen; ohitura bat bihurtu da.

Jaialdia
Eguraldiak lagunduta hiru dantza taldeak kalejiran atera ziren herritik, eta eguerdian jaialdia egin zuten frontoian. Orritz, Etorkizuna eta Kriskitin dantza taldeek euskal dantza emanaldia egin zuten, bakoitzak prestatu zituen dantzekin. "Gainera, bakoitzak bere musikariak ere ekartzen ditu". Jaialdia bukatzerakoan hiru taldeak bazkarian elkartuko ziren eta bazkalostean ez ziren dantzak falta izan. Arratsaldean Irurtzungo tabernetatik trikipoteo "motz bat" antolatu zuten, "gure artean harremantzeko". Dantza taldetako "gaztetxoek" parte hartu zuten jaialdian, "gure taldean, Orritzen, 17 urtetik gorakoak gara denak, eta datozenak ere antzekoak dira".

Orritz dantza taldea "osasuntsu" dagoela esan du taldeko kideak. "Printzipioz bai. Momentu honetan hogei pertsona baino gehiago gaude taldean; egon dira denboraldiak gehiago izan garenak eta beste batzuk gutxiago izan garenak ere". Astero egun batez entseatzera elkartzen dira, eta "txikitxoak" ere dantza ikasten ari direla esan du. "Espero dezagun haiek ere aurrera egitea eta etorkizunean taldean sartzea". Etorkizuna badago Orritzen.