Erabileraren arora jauzi egin nahi du Euskaltzaleen Topaguneak

Guaixe 2023ko aza. 22a, 10:19

Irati Iciar eta Josune Mendizabal. TOPAGUNEA

Aro berri baten hastapena iragarri du Topaguneak bere 3. Kongresuan. Aho batez onartu dute bazkideek euskararen erabileran jauzi bat emateko Topaguneak martxan jarriko duen estrategia berria. Aho batez onartu dute bazkideek euskararen erabileran jauzi bat emateko Topaguneak martxan jarriko duen estrategia berria.

Irurtzungo Aizpea euskara taldea eta GUAIXE fundazioa kide dituen Euskaltzaleen Topaguneak bere 3. Kongresua egin zuen larunbatean, aro baten hasiera izan nahi duena. Aro berri horrek euskararen erabileran goranzko jauzi bat ematea du helburu eta hori lortzeko estrategia berritzailea landu du Topaguneak heldu diren urteetarako. Euskara bidegurutzean aurkitzen dela iritzita, euskararen biziberritze prozesuak gizarte osoaren inplikazioa eta bultzada behar duela adierazi zuen Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneako zuzendariak: "gizarteko aniztasuna aintzat hartuta, askotariko eragileekin harremanak sendotu nahi ditugu, biziberritze prozesua elkarrekin bultzatzeko eta mugimendu euskaltzale sendo, zabal eta eraldatzailea osatzeko". Etorkizunean euskaraz erosotasunez bizitzea ahalbidetuko duen jauzia eman dadin, euskal hiztun komunitatearen iruditeria eguneratzea proposatzen du Topaguneak "euskal hiztun komunitatea asko aldatu da azken urteotan, bada, askotariko hiztunentzat baliagarria izango den iruditeria eta diskurtso inklusiboak eta dinamikoak sustatuko ditugu Euskaltzaleen Topagunetik".

Irati Iciar, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, pozik eta harro azaldu zen Kongresuaren emaitzekin: "euskal hiztun komunitateak unean uneko desafio berriei aurre egin eta berritzeko sekulako indarra duela erakutsi du aldiro eta bide horretan sakondu nahi dugu heldu den hamarraldian: egungo oinarri soziala sendotuz eta zabalduz eta euskalgintzan ez-ohikoak diren beste eragile batzuekin batera, biziberritze prozesuaren aldekotasuna gizartean indartuz. Garai aldapatsuak bizi ditu euskarak, ezinbestekoa da, beraz, euskaltzaleon oinarri soziala gehiago zabaldu, aktibatu, ahaldundu eta saretzea". 

Aldi berean, euskararen erabilera handitzeko akordio sozio-politiko berriak eraiki beharraz mintzatu da Irati: "Euskaltzaleen Topaguneak abiatuko duen etapa berrian, Euskal Herriko eremu ezberdinetara egokitutako akordio berriak gara daitezen eragingo du eta akordio horietarako ekarpenak egitea izango da erakundearen lehentasunetako bat".


Ponentzia

Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaritzak bazkideei Kongresuan aurkeztutako ponentziak bost lan-ardatz nagusi eta hamabost lan ildo planteatzen ditu: 

1. ardatza: “Mugimendu euskaltzale eraldatzaile, anitz eta sendoa izatea eta herritarrak ahalduntzea: nazio mailan zein tokian toki."
Lan ildo nagusiak:

  • 1. Norbanako euskaltzaleekin lan egitea: Topagunea indartu tokian toki zein nazio mailan 

2. ardatza: Harreman sare sendoak izatea, askotariko eragile eta mugimenduekin
Lan ildo nagusiak:

  • 1. Euskalgintzaren baitako harremanak sendotu.
  • 2. Gizarte-eragileekiko harremanak sendotu.

3. ardatza: Euskal identitate askotariko ireki eta inklusiboa sendotzeko, imajinarioa, diskurtso eta jokaerak berrikusi eta gizarteratu.
Lan ildo nagusiak:

  • 1. Euskalgintzaren irudia aztertu.
  • 2. Imajinarioa eta diskurtsoak garatu eta sozializatu.
  • 3. Jokaerak berrikusi eta praktika egokiak sozializatu.
  • 4. Ekosistema komunikatiboan eragin.

4. ardatza: Euskal hiztunak sortzeko eta sozializatzeko, ekimenak plazaratu eta eragin.
Lan ildo nagusiak:

  • 1. Eremu ez-formalean eskaintza indartu.
  • 2. Euskara ikasteko arrazoiak eta motibazioa garatu eta sentsibilizazioa landu.
  • 3. Euskal hiztunak sortzeko prozeduretan eragin.

5. ardatza Erabileran jauzia emateko akordio sozio-politiko- instituzional berriak bultzatu.
Lan ildo nagusiak:

  • 1. Komunikazioan: Harremanak eta gizarteratze lanak
  • 2. Lobbygintza landu
  • 3. Ikuspegiak eta edukiak proposatzea.
  • 4. Kontakizunak osatu eta zabaldu.


Topaguneaz
Euskal Herri osoko 100 elkartek osatzen dute Euskaltzaleen Topagunea. Lurralde osoan barreiatutako 70 euskara elkarte daude batetik, 15.000 bazkidetik gora biltzen dituztenak. Bestetik, hainbat Kulturgune, Tokikom-en sarean integratutako toki hedabideak eta aisialdian jarduten duen Kukulaisi elkartean bildutako taldeak biltzen dira Topagunean.