Euskara ikasi dutenek udalean dirulaguntza eska dezakete

Guaixe 2023ko aza. 27a, 11:33

Irurtzundarrak plazako frontoiaren atzeko aldean hizketan. ARTXIBOA

Baldin eta ikastaroak 2022ko iraila aurtengo agorrila bitartean egin badituzte.

Euskararen ezagutzari bultzada eman asmoz, Irurtzungo Udalak hizkuntza ikasi duten herritarrei dirulaguntza emateko deialdia egin du. Eskabidea aurkezteko Irurtzunen erroldatuta egon behar da eta 16 urte beteak izan behar dituzte. Udalak ikastaro mota guztiak lagunduko ditu diruz, baita udako euskarazko unibertsitate ikastaroak ere. Deialdian interesa dutenek eskaerak udaletxeko erregistroan aurkeztu beharko dituzte abenduaren 13ra arte. 

Honakoak dira eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak: Eskabide orokorrarekin batera: nortasun agiriaren kopia; ikastaroa antolatzen duen erakundeak izenpeturiko dokumentua, non hari buruzko baldintzak azaldu behar diren: iraupen datak, maila, ordu kopurua eta ikastaroaren kostua. Gainera, asistentzia datuen ziurtagiria ere izan beharko da; matrikularen ordainagiria; banku-libretako lehen orriaren fotokopia; langabetuek Seguritate Sozialak emandako bizitza laborala izeneko agiria aurkeztu ahalko dute eta beste erakunde batzuetatik jasotako laguntzen zenbatekoaren egiaztagiria.