Nora Ruiz Melero irurtzundarra Osasuna, Betis, Hispalis eta Ciudad Alcala de Guadaira taldeetako futbolari ohia da. Futbola utzi zuen, psikologikoki jota. 5 urte geroago, eta inola ere espero ez zuenean, Osasuna Beteranoak taldeko futbolaria izateko gonbidapena iritsi zitzaion, eta futbolarekin adiskidetu da.
Oso emakume gutxik jokatzen zutenean izan zinen futbolaria.
Nik dakidanez, nire inguruan ni izan nintzen bakarra. 5 urterekin areto futbolean hasi nintzen, 2000-2001 urtean, Xotan. Mutilekin jokatzen nuen. Xotak nesken helduen taldea zuen, eta nik beraiekin entrenatzen nuen. Bertan Osasunako entrenatzaile bat zegoen, eta Osasunara probak egitera joatera animatu ninduen. Eta horrela hasi zen guztia. 10 urtetik 18 urtera arte Osasunako jokalari izan nintzen.
Orduan emakumezkoen futbolak ez zuen gaur egun duen indarra.
Inola ere ez. Txikia nintzela futbol 7 kategorian talde oso gutxi ginen Nafarroan, zortzi-bederatzi talde guztira. Osasunako talde nagusiarekin bigarren mailan jokatzen nuen, eta Euskal Herriko taldeak, Logroñokoak eta ingurukoek jokatzen genuen.
Emakumezkoen Osasuna desagertu zenean Sevillako bidea hartu zenuen, Betisera.
2014an emakumezkoen Osasuna desagertu zen. Sevillatik deitu zidaten, eta Betisera joan nintzen. Ekainean iritsi nintzen eta beroa izugarria zen. Berora ohitzera kosta egin zitzaidan. Baina urte oso gogorra izan zen. Hasieran ongi jokatzen hasi nintzen, minutu asko, baina lesioak iritsi ziren, larriak: orkatileko lotailuak eta belauneko lotailuak. Oso gaizki pasatu nuen. Betisen urtea bukatu nuen eta kontratua berritzea eskaini zidaten, baina ezetz erantzun nien, nire burua ez zegoelako presio horrekin jokatzeko moduan.
"2014an Osasuna emakumezkoen taldea desagertu zenean Betisera joan nintzen"
Lehen mailan inoiz jokatu izan al duzu?
Aukera izan nuen, baina lesioa izan eta gero psikologikoki ez nengoen ongi, eta ez nuen nahi izan. Betis utzi, eta Sevillako Hispalis taldera joan nintzen. Talde hau ere bigarren mailakoa zen, baina presioa ez zen horrenbestekoa. Lasaiago jokatzen genuen. Bi urte egon nintzen, primeran, lesiorik gabe eta disfrutatzen. Ondoren Sevillako Ciudad Alcala Guadairara joan nintzen. Maila jaitsi nuen, 2. B mailakoa. Sevillan lan egiten nuenez, biltegi bateko langile, bertako taldeak hautatzen nituen, lana eta futbola uztartzeko.
Ez da berdina soilik futbolaria izatea, edo langilea eta futbolaria izatea.
Jakina. noGoizeko 5:30ean altxatu, 8 ordu lan egin, korrika bazkaldu eta azkar entrenatzera joatea. Hori zen bizimodua. Gehiegi zen, jakina.
Zergatik utzi zenuen futbola?
Nire buruak ezin zuelako gehiago; gainezka nengoen. 25 urte nituen, eta egun batetik bestera esan nuen: “Honaino. Bukatu da”. Nire buruak nahikoa zela esan zidan. Ez nengoen ongi, eta horrela ezin nuen jarraitu. Eta utzi nuen. Sevillan jarraitu nuen lanean denboraldi batez. Guztira, 8 urtez egon nintzen Sevillan. Gero Madrilera joan nintzen lanera, eta 2 urte egon nintzen. Duela 2 urte etxera bueltatu nintzen, Iruñera.
Ciudad Alcala Guadaira utzi zenuenetik, futbolean aritu izan al zara?
Ez, ez nuen baloi bat ere ukitu. Futbola gorrotatzera iritsi nintzen. Ez nuen telebistan ere futbola ikusten. Zero. Eta ni oso futbolzalea nintzen. Futbol zelaira joaten nintzen partidak ikustera, telebistan ere ikusten nituen, baina guztia utzi nuen. Futbola utzi nuenean laguntza psikologikoa eskatu nuen.
Beraz, osasun mentala zaintzen hasi zinen.
Psikologo batekin lanean hasi nintzen, eta oraindik ere jarraitzen dut. Askoz hobe nago. Psikologoak izugarri lagundu nau.
Nola sortu zen Osasuna Beteranoen taldean jokatzeko aukera?
Irurtzungo Atakondoa ikastetxeko irakasle Manuel Iznaolak Irurtzun eta Atakondoa. Kirol haziak eta fruituak Bi Ahizpen oinetan liburua idatzi zuen, Atakondoatik pasatu ginen kirolariei buruzkoa. Mahai inguru batera gonbidatu ninduen, eta bertan Chus Luengo kirol kazetaria zegoen. Berak esan zidan Osasuna Beteranoak taldean emakumeei atea ireki nahi zietela, eta ea animatzen nintzen. Deitu zidan, eta Osasuna Beteranoak taldeak Iruñeko Gaztelu plazan duen egoitzara joan nintzen. Eta ia konturatu gabe taldean sartu nintzen.
Futbolarekin amodio-gorroto harremana zenuenez, zure lehendabiziko tentazioa ez al zen ezetz esatea?
Egia esan, gehiegi pentsatu gabe baiezkoa eman nuen. Gerora, futbolarekin disfrutatzeko beste modu bat izango zela pentsatu zuen. Astearteetan entrenatzen dugu, 19:00etatik 20:00etara. Lehenengo entrenamenduan nobedadea izan nintzen. Sekulako harrera egin zidaten, eta ni taldean egoteagatik oso kontentu zeudela esan zidaten. Oso gustura entrenatu dut beraiekin.
"Bost urte baloia ukitu gabe egon ondoren, jokatzen ongi ikusten dut nire burua"
Horrenbeste denbora jokatu gabe egon eta gero, nola ikusi zenuen zure burua?
Jokatzen, ongi; baina ordu erdi pasata, fundituta nengoen. Fondo gehiago behar dut.
Zein postutan jokatzen duzu?
Aurrelaria naiz. Golaren ondoan, hor beti.
Azaroaren 17an Ablitenseren kontra jokatu zenuten, ELA gaixotasuna dutenen aldeko ekimenean.
Osasuna Beteranoen partidak beti halakoak dira, elkarteen edo fundazioen aldekoak. Oso ekimen polita da. Espetxera ere joaten dira, presoekin jokatzera.
Txapeldun handiak bezala atera omen zinen zelaira.
Pasilloa egin ziguten. Ni azkena atera nintzen, Ablitaseko nesken areto futbol taldekoekin. Harrera ederra izan zen, oso eskertuta nago. Partidari dagokionez, bigarren zati osoa jokatu nuen. Gol aukerak sortu nituen: batek langan jo zuen, hiruzpalau jaurtiketa egin nituen atera...
Baselina polita egin omen zenuen, oso txalotua izan zena.
Barrura sartuko banu sekulako ospakizuna egingo genuela esan zidaten (kar-kar). 1 eta 2 irabazi genuen. Ablitasekoa sekulakoa izan zen. Jendea oso ongi portatu zen nirekin. Garrantzitsuena ekimen solidariorako dirua biltzea izan zen. 500 pertsona inguru hurbildu ziren, eta 9.000 euro bildu ziren. Eurekin bazkaldu genuen, giro ederrean.
Futbolarekin zenuen gorroto erlazio horri buelta eman diozu. Hori zuretako psikologikoki oso positiboa izango da.
Bai. Iznaolaren liburuko aurkezpenaren harira, psikologoarekin hitz egin nuen eta esan nion: "hau futbolaren etapa ixteko egingo dugu”. Eta, bat-batean Osasuna Beteranoena suertatu zen. Psikologoari aipatu nion: “eskerrak etapa itxi behar genuela” (Kar-kar). Psikologoa ere oso kontentu dago.
Errealeko Zuhaitz Gurrutxaga jokalari ohiak “Subcampeon” liburuan aipatzen du berak Errealean jokatzeko ametsa bete zuela, baina emozionalki jota zegoela.
Betisekin Lehen mailara igotzeko promozioa jokatu nuenean igualtsu nengoen. Gainera, Sevillan bakarrik nengoen, 18 urterekin, eta halako egoeran. Imajina ezazu. Gutxienez, laguntza eskatu nuen. Baina badaude laguntza eskatzen ez dutenak. Eta halako egoera batean, zure bizitzari buelta eman behar diozu.
Hemendik aurrera, zer?
Datorren astean azken entrenamendua egingo dugu, eta ilbeltzean hasiko gara berriz, Eguberrietako oporren ondoren.
Nola ikusten duzu emakumezkoen futbola gaur egun?
Zorionez, ikaragarri aldatu da. Futbol zelaiak aldatu dira, babesleak dituzte, soldata dute... Lehen emakumezkoen partida bat telebistan agertzea ezinezkoa zen, eta gaur egun telebistan partidak ikus daitezke.