Nafarroako Futbol Federazioko webgunean sartzearekin batera ikusten da Nafarroako futbol eta areto futbol selekzioek egunetan duten mugimendu handia.
Futbolean, abenduaren 8tik 10era UEFA Erregioen Kopa jokatuko da Picassenten (Valentzia) eta bertan lehiatuko da Nafarroako afizionatuen selekzioa. Valentzia, Katalunia eta Errioxa daude bere multzoan. Selekzioa txapelketa prestatzen aritu da, eta asteartean lagunarteko partida jokatu zuen Dantzalekun, Euskadiko selekzioaren kontra. Euripean erabakitako partidan, bana berdindu zuten.
Halaber, abenduaren 14tik 17ra Madrilen jokatuko den Espainiako Futbol Txapelketan Emakumezkoen Nafarroako 17 urtez azpiko selekzioak jokatuko du. Madril, Asturias eta Errioxa daude bere multzoan. Mulierren jokatzen duen Laida Garziandia lakuntzarra da Nafarroako selekzioaren arituko den jokalarietako bat. Asteazkenean Berriozarren kontra jokatu zuen Nafarroak, eta 2 eta 0 irabazi zuen.
Nafarroa vs Euskadi, Irurtzunen
Nafarroako Areto Futboleko selekzioak ere martxan daude. Otsailaren 13tik 17ra Espainiako Txapelketa jokatuko da Valentzian, baina txapelketako lehendabiziko fasea abenduaren 26tik 29ra erabakiko da, El Ejidon. Nafarroako gizonezkoen 19 urtez azpiko selekzioa Katalunia, Aragoi eta Ceuta selekzioen multzoan dago. Aurten Anaitasunan jokatzen ari den Xotako Oier Aguirre Lopez iturmendiarra deitu dute Nafarroara. Azaroaren 26an, igandea, 12:00etan, Nafarroak Euskadiko selekzioa izango du aurkari, Irurtzungo Atakondoan jokatuko den lagunartekoan.
Aurretik, 10:00etan, gizonezkoen 16 urtez azpiko Nafarroako eta Euskadiko selekzioek jokatuko dute lagunartekoa, Irurtzunen. Nafarroako selekzioan Xotako lau jokalari daude: Hugo Nagore, Oier Amezgarai, Julen Fernandez eta Aimar Iraurgi.
Bestalde, emakumezkoen 19 urtez azpiko areto futbol selekziorako Xotako bi jokalari deitu ditu Nafarroako selekzioak: Naia Lizarraga eta Nahia Moran. Emakumezkoen 16 urtez azpiko Nafarroako selekziorako Xotako Nahiara Lamarca deitu dute.