Areto futbola

Saldisek urrezko puntua salbatu zuen

Guaixe 2023ko aza. 27a, 09:35

Dani Saldise, pozarren, berdinketaren gola sartu berri. XOTA

Osasuna Magna Xotak Jimbee Cartagena hartu zuen. Partida oso estuan, azken uneko berdinketari esker puntu bat zakuratu zuen talde irurtzundarrak

Osasuna Magna Xotak eta Jimbee Cartagenak partida borrokatua eskaini zuten Anaitasunan. Txapelketan gol gutxien jaso dituzten taldeak dira biak, eta, hortaz, bi taldeen defentsa gailendu zen gehiago erasoa baino. Partida itxia izan zen. Xotak aukera oso argiak izan zituen, baina Cartagena ongi defendatu zen. Cartagenak seigarren falta egin zuen eta penalti bikoitza jaurti zuen Juninhok. Baina Cartagenako Chemi atezaina gailendu zen. Husnako berdinketarekin joan ziren atsedenaldira bi taldeak, eta bigarren zatia berdin hasi zen, oso ongi defendatzen zuten bi partiden arteko lehia estuarekin. 

Xotak seigarren falta egin zuen, baina Alejandro Palazonek geldialdi bikaina egin zuen eta berdinketarekin segi zuen lehiak. Partida bukatzeko 2 minuturen faltan, Bebek Cartagena aurreratu zuen. Kolpe latza izan zen talde irurtzundarrarendako, baina berdeek borrokan jarraitu zuten eta Dani Saldisek berdinketaren gola sartzea lortu zuen partida bukaerako txirrina jotzear zela. Banakako berdinketarekin, urrezko puntua lortu zuen Osasuna Magna Xotak.

Hernandez, taldearekin “oso kontentu”
Miguel Hernandez entrenatzailea bere mutilek egindako lanarekin kontentu zegoen. Teknikariak jokalariek defentsan eta erasoan egindako partida positiboki baloratu zuen. “Uste dut defentsan orain arteko partidarik onenetakoa egin dugula, eta eraso aukerak izan ditugu. Partida orekatua izan da. Cartagena sekulako taldea da, eta eurekin topera lehiatu gara. Bazirudien partidak ihes egingo zigula, baina gure jokalarien sakrifizioari esker puntu baten saria lortu dugu. Oso pozik nago taldearekin, ez duelako etsitzen. Egun hobeak edo okerragoak izango ditugu, baina bukaeraraino borrokatzen dugu, gure buruan sinesten dugu eta gauzak ongi egiten saiatzen gara. Batzuetan saria lortzen dugu, baina beste batzuetan ez horrenbeste” nabarmendu zuen. 

Hurrena, Cordoba 
Lehen mailako areto futboleko ligan Barçak jarraitzen du lider (31 puntu), Quesos Hidalgo Manzanaresi 3 puntu aterata (28 puntu). Jimbee Cartagena hirugarren da (26 puntu). Xota zazpigarren da (22 puntu), Kopako postuetan. Izan ere, lehen itzulia lehen zortzi postuetan bukatzen duten taldeek Kopa jokatuko dute. Hamalaugarren jardunaldian Xotak Cordoba izango du aurkari, abenduaren 2an, 18:00etan Cordoban jokatuko den partidan.