Emakumezkoen Lehen Senior mailako zortzigarren jardunaldian Erriberara jo zuten Xotako neskek, Murchanteren kontrako klasikoa jokatzera. Lehen zatian irurtzundarrek oso ongi jokatu zuten eta aurki aurreratu ziren markagailuan, Maitek sartutako golari esker. Xota nagusi zen, dominatzaile argia, baina kontrako atean asmatzea kosta egiten zitzaien. Atsedenaldia baino lehen Irunek bigarren gola sartu zuen, eta Xotakoak lasaiago joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatia, ordea, oso ezberdina izan zen. Xotakoak ez ziren ongi kokatu eta ez zuten ongi defendatu. Ez ziren lehen zatian bezain ziurrak izan. Ondorioz, Murchantek bina berdindu zuen ia konturatu gabe. Berdinketarekin erasora joatea, ez zegoen besterik. Iruneren jaurtiketa bikain bati esker 2 eta 3 aurreratu zen Xota, baina Murchantek ez zuen etsi eta hiruna berdindu zuen. Partida bukatzeko 2 minuturen faltan Irantzuk atezain-jokalariaren kamiseta jantzi, eta dena ematera atera ziren Roberto Martilek gidatutako neskak. Irantzuren pasea ongi probestu zuen Maitek, Xotaren laugarrena sartzeko, garaipenaren gola. Murchanten 3 eta 4 irabazita, denboraldiko bigarren garaipena lortu zuten berdeek, ederki ospatu zutena.
Hurrena, Ribera de Navarra
Promesas taldeak jarraitzen du Lehen Senior mailako lider (19 puntu). Xota seigarren da (7 puntu). Bederatzigarren jardunaldian Xotak sailkapenean zazpigarren eta arerio zuzena den Ribera de Navarra Tuterako taldea hartuko du abenduaren 10ean, igandearekin Atakondoan jokatuko den partidan.