Irurtzunek musika eskolako lanak eman nahi ditu

Guaixe 2023ko abe. 11a, 11:11

Irurtzungo musika eskola. ARTXIBOA

Udalak eraikinaren energia birgaitzea eta irisgarritasuna hobetu nahi ditu.

Irurtzungo Udalak bere jabetzakoa den musika eskolako eraikinean lanak egin nahi ditu, batetik, energia kontsumoa murrizteko eta, bestetik, musika eskola pertsona guztiendako irisgarria izan dadin. Lanak emateko deialdia egin du eta haiek egiten interesa duen enpresak bere eskaintzak abenduaren 14ko 23:30era arte aurkez ditzake. Obrak 283.480,76 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Kontratua sinatzen duen enpresak lanak despeditzeko sei hilabete izanen ditu. 

Eraikinaz
Musika eskolak 484 metro karratu ditu. Beheko solairuan, sarbideaz aparte, kaletik ate zuzena duten eta independenteak diren bi lokal daude. Baita galdara gela, biltegia, bulegoa eta kultur etxearekin lotura egiten duen pasabidea. Lehen solairuan hiru gela handi daude (haietako batek komuna txikia du), musika gela, pasabidea, irisgarria ez den komuna eta eskailerak daude. Bigarren solairuan, berriz, tamaina ertaineko lau gela daude, musikariak banaka edo binaka aritzeko lau gela eta irisgarria ez den komuna daude. 

Musika eskolan udalak egindako azken lanak 2019an egin zituen. Orduan eraikineko hegoaldeko leihoak aldatu zituen. Teilatua ere aldatu zuen, uralita gainean txapak jarriz. Baina kazkabarrak kalteak eragin zituen teilatuan eta konpondu behar izan zuten. 

Egitekoak 
Eraikinaren energia eraginkortasuna hobetzeko kanpoko paretetan 8 cm-ko zabalera duten panelak jarriko dira. Horrekin batera, teilatutik amiantodun elementuak kendu eta 7 cm-ko zabalera duen isolatzaile berria jarri ondoren teilatu berria eginen dute. Aldi berean, bigarren solairuan sabai aizuna jarriko da. Teilatuaren hegoaldeko aldean 60 eguzki plaka jarriko dira, 27 kWp-eko errendimendua izanen dutenak. Musika eskolako argi guztiak LED argiekin ordezkatuko dituzte. 

Irisgarritasuna hobetzeko igogailu berria jarriko da. Lan horiek egungo komunei eta gelen sarbideei eraginen die, beraz, komun irisgarriak jartzeko baliatuko dira lan horiek. Sarbidean arranpa jarriko da.