Areto futbola

Osasuna Magna Xotak Kopa jokatuko du

Guaixe 2023ko abe. 11a, 12:00

Xotako jokalariek eta teknikariek gogoz ospatu zuten Koparako sailkatu izana. XOTA

Peñiscolari 4 eta 2 irabazi ostean lehen zortzi postuetan bukatuko du lehen itzulia talde irurtzundarrak, eta Koparako sailkatzea lortu du, hiru urte ondoren

Hiru urte ondoren Osasuna Magna Xotak Espainiako Kopa jokatuko du. Ligako lehen itzulian sailkapeneko lehen zortzi postuetan sailkatzen diren taldeek lortzen dute Kopa jokatzeko txartela, eta Osasuna Magna Xotaren azken garaipenak seigarren postua eman dio talde nafarrari, Espainiako Kopa jokatu ahal izateko postua. Azken bi denboraldi gogorren ondoren, pozarren dago talde berdea. 

Abenduaren 9an, larunbata, Osasuna Magna Xotak Servigroup Peñiscola hartu zuen Anaitasunan. Bisitariak aurreratu ziren, Fabinhok ate propioan zoritxarrez sartutako gol bati esker. Hala ere, ongi erantzun zuen talde berdeak, bi jokaldi ia jarraituetan Pachuk bi gol sartu zituelako. Nahiz eta Peñiscolak bina berdindu, talde berdeak ez zuen behera egin eta, azkenean, 4 eta 2 irabazi zuen, Andres Geraghtyri eta Linharesi esker. Garaipena lortzeaz gain, Lehen Mailako sailkapenean seigarren postuan sailkatu da Osasuna Magna Xota, Espainiako Kopa jokatzeko lehen zortzi postuetan. Jakina, Xotak gogoz ospatu zuen Espainiako Koparako sailkatu izana. Kopa Cartagenan jokatuko da, eta abenduaren 14an egingo da zozketa.  Ligako hurrengo partida abenduaren 23an jokatuko du Xotak, Barça liderraren kontra, 18:00etan, Bartzelonan. 

Hunkituta
Miguel Hernandez hunkituta zegoen. “Lasaitasun handia sentitzen dut. Klubari eta afizioari saria da, azken bizpahiru urtetan ia zerotik sortzen, egiten eta saretzen ari den talde bati saria. Burua atera, eta berriro ere munduko liga oneneko lehen taldeen artean sartu gara. Disfrutatzea dagokigu, eta lanean segitzea. Anbiziotsuak izan behar dugu, honek konfiantza eta autoestimua eman behar digulako. Hemendik, gora” nabarmendu zuen. Imanol Arregi entrenatzailea zena eta gainontzeko teknikariak gogoan izan zituen. “Gauzak okertu zirenean, berriro zerotik hasi zen. Euren lanaren saria jaso dugu guk orain. Une hau inflexio puntua da, garai batean ikusi genuen Xota berriro ikusteko. Disfrutatzea dagokigu”.