Dinabidek, Sakanako Garapen Agentziaren bitartez, SIESS web plataformari atxikitzeko akordioa sinatu zuen abenduaren 1ean. SIESS web-plataforma bat da, Nafarroako ekipo eta azpiegitura zientifikoak erakusten dituena, haien erabilera partekatua sustatzeko. Nafarroako zientzia, teknika eta baliabide gaitasunaren erakusleiho izatea eta enpresen arteko lankidetza sustatzen laguntzea dira bere helburu nagusiak.
SIESS web-plataformaren kudeaketaz ADItech irabazi asmorik gabeko fundazio pribatua arduratzen da. Horretarako lankidetzan aritzen da Nafarroako Ikerketa eta Garapen sistemaren barruan, Sinain, dauden 35 eragileekin eta patronatua osatzen duten Nafarroako enpresekin.
Plataformaren atzean, SIESS komunitatea izeneko pertsona-komunitate bat dago. Plataforma horretan azpiegiturak eta ekipamendua partekatzen dituzten Sinaiko eragileen ordezkariek osatzen dute komunitate hori. Komunitate horren eginkizunak dira: komunitate hori osatzen duten erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza, ekipamendu zientifikoaren kudeaketaz arduratzen diren pertsonen arteko esperientziak trukatzea, hobekuntza partekatuak bilatzea eta erakunde bakoitzak dituen berrikuntzak zuzenean ezagutzea.
Dinabideren ekarpena
ADItechek eta Sakanako Garapen Agentziak sinatutako akordioaren ondorioz, Dinabide SIESSeko zati da. Ondorioz, Iker Manterola, agentziako gerentea, komunitate horretako kide bihurtu da. Zehazki, Dinabidek fabrikazio gehigarrirako ekipamendu espezializatua gehituko dio SIESSi, hau da, 3D inprimaketarako tresnak. Hiru dimentsioko objektuak sortzen dituzten fabrikazio teknologien multzo bat da, eredu digital batetik abiatuta. Metodologia horrek, ADItech-ek jakinarazi zuenez, "geometria konplexuak dituzten piezak ekoizteko, pertsonalizatzeko eta eskariaren arabera fabrikatzeko aukera ematen du".
Era berean, "eraginkortasun handiagoa ematen du materialen erabileran eta hondakinen murrizketa bermatzen du ohiko fabrikazio-prozesuekin alderatuta". Aliantza horren bidez, Dinabidek bere zerbitzuak eta gaitasunak erakunde gehiagoren esku jarri ditu, bere ekipamendua partekatzen du eta Sinaiko eragileekin lankidetzan aritzeko bide berriak ezarri ditu.