Nafarroako Berrikuntza Digitalaren Poloa, IRIS, partzuergo publiko-pribatua da Nafarroako Gobernua buru eta sustatzaile duena, eta Nafarroako berrikuntza-ekosistemaren eragile garrantzitsuenek parte hartzen dute bertan, esaterako, unibertsitateek, teknologia eta ikerketa zentroek, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien hornitzaileek, elkargo profesionalek, enpresa-elkarteek eta kluster sektorialek. Guztira 38 erakunde dira, eta horien artean Sakanako Garapen Agentzia (Dinabide) dago. IRISen Errektore Batzordea eta Osoko Bilkura abenduaren 19an bildu ziren.
Bileran onartu zuten Nafarroako Gobernuko enpresa publikoa den CNAI IRISen sartzea. Enpresa horrek Nafarroako gizarte osoari zuzendutako prestakuntza ekintzak garatzen ditu, hiru jarduera ardatzi jarraiki: digitalizazioa, hizkuntzak eta enplegurako prestakuntza. Poloaren Plan Estrategikoa ere bileran azaldu eta onartu zen. Horretaz aparte, 2024ko lehen hiruhilekorako aurreikusitako ekintzen berri eman zieten batzordekideei. Partzuergoak Iruñeko El Sario eraikineko 4. solairuan izanen du egoitza apiriletik aurrera.
Bilkuran azaldu zutenez, 600 erakunde inguruk jaso dituzte aurten Nafarroako Berrikuntza Digitalaren Guneak, IRISek, eskainitako zerbitzuak. Katalogoan, besteak beste, honako ekimenak daude: enpresa txiki eta ertainendako Acelera bulegoa, Datuen Zientziaren Laborategia edo Eraldaketa Digital Turistikoarena. Bestalde, 40 entitatek 48 prestazio homologatu dituzte, eta guztira 156 zerbitzu berri sartu dira Poloan.
Kontseilarien esanak
Patricia Fanlo Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak azpimarratu zuenez, "Poloak funtsezko zeregina du gobernuaren lankidetzarako tresna gisa, funtsezko gaiak bulkatzeko, eta lurraldea indartzeko lanean zentratzen da, talentu teknologikoa sortuz eta aplikatuz". Era berean, Fanlok adierazi zuenez, "elkarrekin lan egin behar da, enpresek, unibertsitateek, teknologia zentroek eta beste entitate batzuek Nafarroako eraldaketa digitala bizkortzen lagun dezaten".
Gainera, kontseilariak Nafarroako Espezializazio Adimendunaren Estrategiarekin (S4) bat datozen arlo espezifikoak azpimarratu zituen, eta funtsezko proiektu batzuk aipatu zituen, esaterako: Navarra Cibersecurity Center eta Nafarroako Adimen Artifizialaren Ikerketa Zentroa (NAIR Center). "Berrikuntza Digitalaren Guneak teknologian espezializatutako sare bat garatzea izan behar du helburu, berrikuntza indartzeko eta lurralde horretara inbertsioa eta talentua erakartzeko. Estatu mailan Palo Alto (Kalifornia) izan behar dugu", gaineratu zuen.
Mikel Irujo Industria eta Trantsizio Ekologikoko eta Enpresa Digitaleko kontseilariak ere parte hartu zuen bileran. Irujok berretsi zuen Nafarroa eskualde berritzaileenen artean dagoela. "Berrikuntza Digitalaren Poloa (IRIS) sortuz, pauso bat harago egin dugu, eta horrek eraldaketa digitalean Nafarroako enpresa-sarearekin dugun konpromisoa indartzen du", adierazi zuen. "Poloa edukitzea funtsezkoa da inplikatutako eragile guztien ahaleginak bateratzeko: enpresa handiak eta txikiak, unibertsitateak, erakundeak eta gizarteko pertsona guztiak. Gaur egun, 576 enpresa dira zerbitzuen onuradun, eta 156 zerbitzu poloan sartuta daude. Poloa da komunitate gisa lortu behar dugun metamorfosi digitala lortzeko erreferentzia-puntua", nabarmendu zuen.