Irailean Alex Otanorekin Fronton Lopezeko Paleta Goma Mastersa irabazi eta frontenis txapelketetan dena eman ondoren Nafarroako Banakako Paleta Goma Txapelketan atseden hartzeko asmoa zuen Asier Galarza Iriarte irurtzundarrak, udako lesio bat behar bezala osatzeko. Baina, azkenean, San Juan klubeko palista Banakakoan lehiatzera animatu zen, bigarren mailan.
Txapelketan ongi hasi, aurrera egin, eta abenduaren 16an, larunbatean Lopez frontoian final handia jokatzeko sailkatu zen, Universidad taldeko Perez Galbeteren kontra. Finala oso estua izan zen, markagailuak erakusten duen bezala, baina azkenean 25 eta 21 gailendu zen irurtzundarra, eta Nafarroako Banakako bigarren mailako paleta goma txapelduna dugu. “Finala jokatu eta berehala Huescara joan nintzen zuzenean, bertako frontenis txapelketa jokatzera” dio, irribarrez, geldirik egoten ez dakien Asier Galarzak. Izan ere, Eguberrietako frontenis torneoetan murgilduta dabil, era berak propio abenduaren 23an IX. Frontenis Txapelketa antolatu du, estatuko hamaika txokotatik hurbildutako 64 bikotek jokatuko dutena.
Bestalde, ilbeltzean lehen mailako Binakako Nafarroako Txapelketa jokatuko du Andoni Alberrorekin.