Areto futbola

Roberto Martil bueltan da

Guaixe 2024ko urt. 10a, 10:00

Roberto Martil, alboan Miguel Hernandez entrenatzailea duela, itzuleraren berri ematen. XOTA

Osasuna Magna Xotako kapitainak lesio hirukoitza gainditu du eta jokatzeko moduan dago. Orain arte Miguel Hernandez entrenatzailearen bigarrena izan da

Joan zen denboraldian, duela hamar hilabete, Levanteren kontra larri lesionatu zen Roberto Martil “Palote” Osasuna Magna Xotako kapitaina. Hiru haustura izan zituen: aurreko lotailu gurutzatuaren haustura, barruko lotailuaren haustura eta kanpoko meniskoaren haustura. Ordutik ebakuntzak eta errehabilitazio latza etorri ziren. Imanol Arregik Osasuna Magna Xota entrenatzeari utzi zion, bere bigarrenak, Miguel Hernandezek, hartu zuen itsasontzi berdearen lemazain izateko ardura, eta Roberto Martil izan da bere bigarrena. Bitartean, Martil osatu da, alta jaso du, eta ilbeltzaren 12an Xotak Valdepeñasen kontra Anaitasunan jokatuko duen partidarako Miguel Hernandezen esanetarako prest egongo da. 

Roberto Martilek “oso pozik” eman du bere altaren berri. “Taldekideekin entrenatzen denbora daramat. Ongi sentitzen naiz, nahiz eta oraindik nahi izango nukeen mailan ez egon. Gogor egin beharko dut lan taldeak duen mailan egoteko” azaldu zuen kapitainak, hilabete hauek “oso gogorrak” izan direla nabarmenduz.