Hydro Extrusion Spaineko enpresa batzordeak (LABek 4 delegatu, CCOOk 3 eta UGTk 2) deituta, langileek azken urte eta erdian egindako sei kaleratzeak salatzeko bilkura egin zuen lantegian ilbeltzaren 11n. Eta gauza bera eginen du hurrengo bi ostegunetan; 09:10ean. Jakinarazi dutenez, "enpresak aitzakia bera erabiltzen du kaleratze objektiboetarako: konfiantza galtzea, errendimendu txikia, atalaren berrantolaketa..." Justiziak atzera bota ditu kaleratzeak. Langileen ordezkarien iritziz, "horrek erakusten du Hego Europako zuzendaritzak nahi duena egiten duela inolako justifikaziorik gabe, gainontzeko langileei abisu bat emateko. Enpresaren balio famatuak (zaintza, lankidetza eta ausardia) marketin hutsa dira, benetako helburua kaleratzeen beldur diren langile otzanak izatea da".
Enpresa batzordeak gaztigatu duenez, "kaleratzeak modu umiliagarrian egin dituzte, bai kaleratze-gutunean adierazitakoagatik, bai egiteko moduagatik". Horren adibide gisa abenduaren 20an, lanaldia despeditu baino 10 minutu lehenago egindakoa, "kaleratuak eta enpresa batzordeak erreakzionatzeko aukerarik gabe". Langileen ordezkariek zuzendaritzari "behin eta berriz eskatu diogu kaleratuak enpresa barruan beste toki batean kokatzeko, baina ez zaie aukerarik eman. Era berean, ez zaie inoiz eman ez hitzezko ez idatzizko aldez aurreko abisurik, langileak bere lanpostuari dagozkion eginkizunak ez dituela betetzen adieraziko luketenak".
Langileen ordezkariek nabarmendu dutenez, "konpainiak pasa dituen une zailetan Hydroko plantillak erantzun du: 2011-12ko krisian soldata jaitsiz, enpresak mundu osoan jasan zuen ziber erasoaren garaian edota pandemian. Hydroko plantillaren balioen" froga gisa jarri dituzte horiek. "Baina 'sari' gisa justifikatu gabeko kaleratzeak jaso ditu, gainontzeko langileen aurkako ezkutuko mehatxu bezala ulertzen ditugunak". Nabarmendu dutenez, "urte nahikotxotan etekin handiak izan arren, enpresaren jarduera ildo bakarra da plantilla murriztea, kentzea eta presionatzea. Langileek eskubidea dute jokabide horien zergatia azal diezaieten".