Saria eman zion erakundea, Esne Zientzien Ameriketako Elkartea, esne industriako ikertzaile eta ordezkarien nazioarteko erakunde bat da, eta laguntza zientifiko eta teknikoa ematen du ekonomia sektore horri eusteko eta hazten laguntzeko, eta, horretarako, informazioa eta zerbitzuak sortzen, zabaltzen eta trukatzen ditu.
Etxean ez dute aziendarik izan ez aiton-amonek ezta gurasoek ere, lehengusu txiki batek Ultzaman behiak ditu. Baina Andres Legarra Albizuri abereak gustatzen zaizkio. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) Nekazaritzako Ingeniaritzako ikasketak 1997an despeditu zituen. Ardi latxaren arraza hobekuntzari buruz doktoretza tesia 2002an defendatu zuen. Tesiaren zuzendaria Eva Ugarte Sagastizabal Neikerreko (Nekazaritzako Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea) zientzialaria izan zen, eta Leopoldo Alfonso Ruiz NUPeko irakaslea izan zuen tutore. Ondoren, urtebete eman zuen Amerikako Estatu Batuetako (AEB) Georgiako Unibertsitatean doktoratu ondoko ikertzaile gisa. Handik bueltan, Neikerren hasi zen ikertzaile. Familia arrazoiengatik Frantziara lanera joan zen. 2005ean Tolosako (Okzitania) Nekazaritzako Ikerketako Institutu Nazionalean izan zen. Han, Animalien Genetikaren Saileko ikerketa zuzendari gisa ere jardun zen. Han beste gai batzuetan lan egin zuen, baita manex ardiekin ere.
Hainbat lan kontuengatik, lanez aldatu zuen eta 2023ko ilbeltzetik, Tolosatik egiten du lan Council on Dairy Cattle Breeding batzorderako (Bowie hirian dago, AEBko Maryland estatuan), esne aziendaren hobekuntza genetikoan espezializatutako genetista senior gisa. Etxetik lan egiten du eta hogei bat lankide ditu. Gainera, Journal of Dairy Science zientzia aldizkariko genetika eta genomika saileko editore seniorra da.
Zer da genetika hobekuntza?
Naturan animaliak ugaltzeko ez dago inoren esku hartzerik; hautespen naturalaren bidez aukeratzen dira onenak. Abeltzainek abereez bizi behar dutenez, beti onena aukeratzen saiatu dira. Batzuetan onena da diru gehiago irabazteko, besteetan onena da politena dela iruditzen zaielako. Irakasle zaharrek esaten zutenez, genetika hobekuntza abereen jabeei kume onenak emanen dizkieten animalia egokienak aukeratzean datza.
Beraz, genetika hobekuntza betidanik dago.
Hala da. Espezieak etxekotu zirenetik azienda jabeek aukeratu dute zerekin gelditu nahi zuten. Batzuetan, esaterako, irizpidea kolorea zen: latxa burugorriak edo arpeltzak, txakurrak, zenbait koloretako zaldiak... Beste batzuetan irizpidea ekonomia hutsa da: animalia handiagoak, esne gehiago ematen dutenak edo gutxiago gaixotuko direnak.
Espezieak etxekotu zirenetik azienda jabeek aukeratu dute zerekin gelditu nahi zuten.
Garai batean nola egiten zen genetika hobekuntza?
Hori ez da ongi ezagutzen. Gaurko pentsaerarekin zaila da ulertzea 1880ko abeltzain batek nola lan egin zezakeen. Badakit aspaldi artzainek mendian ahariak trukatzen zituztela, halakoak egiten zituzten. Zure artaldeko onenak gordez gero, hobekuntza ez, beste arazo bat sortzen zitzaizun: odolkidetasuna. Hau da, behia eta zezena elkartu eta haien kumean edo kumearen kumean odolkidetasunagatik akats errezesiboak, malformazioak eta bestelakoak sortzen dira. Naturan ere berez gertatzen dira. Animalia saldo osasuntsua izateko abeltzainek aldamenei animaliak eskatzen zizkieten. Trukeak, azienda feriak egiten ziren... Irurtzungoa oso garrantzitsua zen. Neurri batean azoken arrazoietako bat hori zen: gustatzen zitzaizun animaliak izatea. Azken mendean edo bi mendetan inportatutako animaliekin egin da asko. Amonak, esaterako, suitzar behiez hitz egiten zuen. Gerora alpetar nabarra deitu zituzten eta orain hainbat izendapen dituzte. Esne ekoizpenean iraultza handia izan zen, behi pirenaikoekin esnea ekoiztea zaila zelako. Ondoren, Herbehereetakoak ekarri zituzten, frisiarrak, orain Holstein deitzen direnak. Txerriekin gauza bera. Hemen lehen koipe askoko txerriak zeuden, hestebeteak, gatzartuak eta halakoak egiteko. Joan den mendean, batez ere Frantziatik, haragi gehiagoko eta askoz ere azkarrago hazten zirenak sartu zituzten. Beraz, batetik, tradizionala dago, gutxi gorabeherakoa. Bestetik, modernoagoa, kanpokoa ekartzean datzana. Azkenik, antolatu eta nola eginen dugun erabakiko dugu.
Eta horri zientziaren ekarpen guztia gehitzen zaio.
Ronald Fisherrek XX. mende hasieran genetika modernoaren oinarriak jarri zituen, guk erabiltzen duguna. Gauzak neurtu, zenbatu eta pisatu egiten dira, hori da funtsa. Ondoren matematika formula batzuk egiten dira, konplexuagoak edo ez, eta horiek erabakiak hartzen laguntzen dute. Esaterako, bi animalia on baldin baditut, kumeak onak izanen diren matematikoki jakinen dut. Kasu bakoitzean informazio garrantzitsuenari pisu gehiago eman diezaiokezu. Zer da garrantzitsuagoa guraso onak izatea? Edo kume onak izatea? Animalia baten inguruko informazio gehiago ematen dute kumeek gurasoek baino. Oso famatua zen herenaitona bat izatea ez da hain garrantzitsua, herenaitona hamaseitik bat da, eta hamaseiek genetika ekarpena egin diote animalia horri. Genetika modernoak halako gogoeta kuantitatibo asko ditu: dena zenbakietara itzultzen da, jendeak lan egiteko zerrenda ordenatu bat izan dezan.
Gauzak neurtu, zenbatu eta pisatu egiten dira, hori da funtsa. Ondoren matematika formula batzuk egiten dira, konplexuagoak edo ez, eta horiek erabakiak hartzen laguntzen dute.
Horiekin lan egiten duzue gaur egun?
XX. mendeko oinarri matematiko horiekin lan egiten dugu. Baita DNA sekuentziazioaren estentsio modernoarekin ere. Horrek animaliak zein desberdinak diren ikusteko aukera ematen dizu. Ez dugu generik eraldatzen; landareetan zerbait egiten da, etxeko animaliekin ez.
Dituzuen animaliekin lan egiten duzue.
Nik esnetarako behiekin lan egiten dut, baina txerriekin, oiloekin, ardiekin edo bestelako animaliekin lan egiten dutenek, guztiok lan egiten dugu genealogiekin, landa datuak (pisua, esne kopurua, animalia zenbat bizi den...) eta DNA begiratuz.
Beraz, Dolly ardiaren modukorik ez duzue egiten.
Ez. Gainera, ez da batere praktikoa. Batetik, genetikoki eraldatutako ardi asko ezin dituzu izan. Bestetik, inork ez daki ongi zertarako balio duten. Ez dago gene bat eraldatu, emaitza zoragarria eman eta, ondoren, zerbaiterako balioko duena, halakorik ez dago. Landareekin bai, animaliekin ez.
Zuek zientzia, abeltzainek azienda.
Gainera, hainbat modutara bazkidetutako abeltzainak daude. Haiek ematen digute informazioa. Behietan beste espezietan baino gehiago, zenbait abeltzainei genetika erosten dieten enpresak daude. Behien kasuan, zezenak prestatu, hazia prestatu, eta hori berriro saltzen dute. Behi esnetan aritzen direnak boterea eta dirua duten enpresak dira.
Genetika datuak jasotzen dituzu. Eta?
Prozesatu egiten ditugu, eta genetika ebaluazioak sortzen ditugu. Funtsean, animalia zerrenda ordenatuak dira, bakoitzari lotutako zenbakiak dituzte. Esnetan, hau da onena, hura bigarrena eta bestea hirugarrena... Koipea, proteinak, errapeko mina, errapeko min klinikoa, elikadura eraginkortasuna... Neurtzen diren ezaugarri pila daude. Eta, gainera, akats errezesiboak.
Animalia baten inguruko informazio gehiago ematen dute kumeek gurasoek baino.
Zerrenda horiek egin, bidali eta zer egiten dute?
Hazia salmentan aritzen diren enpresek zer salduko duten proposatzen dute. Abeltzainek zer erabili erabakitzen dute. Hori gure informazioan oinarrituta egiten dute. Objektiboa eta kalitatezkoa izaten saiatzen gara. Pribatuki egiteko modua legoke, batere kontrolik gabekoa, eta enpresa bakoitzak berea onena dela esanen luke. Txerriekin eta oiloekin ez bezala, esnetarako behiek, eta hausnarkariek orokorrean, gauza bat ona dute: inork ezin du abeltegi batean animalia guztiak onak izan. Horregatik, gure moduko jendeak egon behar du, inpartzialak, esanen dutenak: haren zezena bestearena baino hobea da. Nahiz eta gero azken hori gurekin haserretu.
Genetika hobekuntza egin daiteke animaliaren osasunagatik, estetika, kumeen genetika hobetzeko edo elikadura optimizatzeko.
Bai. Estetikarena bitxia da. Ikastean pentsatzen duzu ez dela garrantzitsua. Baina pertsonendako ez dira objektu hutsa. Ardi latxan oso errotuta dago gustatzen diren arraza ezaugarriak egotea. Burugorria gorria izan behar du, arpeltzak beltza, Iparralden are eta beltzagoa; Nafarroan adardunak, Euskal Autonomia Erkidegoan adarrik gabeak. Kapitalista hutsa bazara halakoei ez diezu garrantzirik ematen, baina garrantzitsuak dira. Pertsonak baikara, ez makinak. Beraz, estetika aspektua garrantzitsua da.
Behar bada merkatuak ez hainbeste, baina gizartearen eta abeltzainen joera modernoak dirua ematen duten abereak izatea da. Haietaz bizitzea da animaliak izateko modu bakarra. Horretaz aparte, animaliek osasuntsu egon behar dute, eta ondoezik ez dezatela izan; nolabaiteko ongizatea izan dezatela. Esaterako, abeltegian luze eutsiko dioten behiak, ekoizpen ezaugarri onekin eta gaixotu gabe. Aspaldi ekoizpen hutsera bideratzen zen dena, baina azken urtetan fokua ere jarri da gaixotasunei erresistentzian, bizitza luzeran, malformazioen faltan... Ikuspegi osatuagoa da. Gizarte presio handia dago, esaterako, metano eta berotegi efektua eragiten duten gasen isuriak murrizteko. Ikertzen ari dira, oso zaila delako neurtzea behi batek halako zenbat isurtzen duen. Laborategian egin liteke, baina etxaldeetan izugarri zaila da.
Etxaldeaz aparte, larreak, ur hornidura... Halakoak kontuan izaten dituzue?
Zuzenean ez. Guri esaten digute: hauek dira dauden behiak, esne eta errapeko min kopuru hauek kontrolatu ditugu, bizi iraupena, hainbestetan intseminatu dira... Aipatu dituzunen berri ez dugu jasotzen, eta sistematizatzen oso zailak dira. Badakigu, esaten digutelako, eskualde batzuetan animalia mota bat gehiago erabiltzen dela besteetan baino. Duten ekoizpen sistemaren arabera, espezie bat edo bestea izatea interesatuko zaio abeltzainari. Bizi zaren tokiari bideratuta argibideak eman nahi ditu mundu guztiak, eta ez daki nola. Andaluzia hegoaldean, Nafarroa iparraldean edo Alemania erdialdean klimak desberdinak dira, baina ez da oso ongi lortzen jendea bizi den lekura egokitutako gomendioak ematen. Zaila da hori.
Dituzten animaliak gorabehera, abeltzainekin elkarlana bera da?
Funtzionamendu bera izan daiteke, baina espezieen balio ekonomiko eta sozialak funtzionamendua bera ez izatea dakar. Hemen esnetarako ardiarekin asko lan egiten da. Baina beste toki batzuetan ez zaio kasurik ere egiten. Txerri eta oiloetan diru asko dago, berez antolatzen da, eta bere gain ardura hartzen duten enpresak agertzen dira. Esnetarako behietan diru gutxiago dago, baina nahikoa dago abeltzainak kooperatibetan edo arrazaren aldeko elkarteetan antolatzeko. Horiek hazia ekoizten duten enpresekin hitz egiten dute. Gutxi gorabehera, antolatzen dira. Baina ardiekin, jende gutxi egotean, ez dago nahikoa dirurik. Hari lotutako kostuak altuagoak dira, eta historikoki tokiko gobernuen laguntzak egon dira.
Dena zenbakietara itzultzen da, jendeak lan egiteko zerrenda ordenatu bat izan dezan.
Demagun behi etxalde bat jarri dudala. Hasieratik genetika hobekuntza landu beharko nuke?
Jakina, ezin zara genetika hobekuntza egin gabe gelditu: behiak erditzeko zerbaitekin intseminatu beharko dituzu. Behiak noizbait hilko dira, eta ordezkatu beharra dago.
Halakoetan, nora jo behar duzu? Nola egiten da?
Eskualdean abeltzaintza aholkulari onak daude. Intiak (Nafarroako Gobernuaren enpresa), Lurgintzak (Euskal Autonomia Elkartean), abeltzainei aholkularitza ematen diete. Gaitutako teknikariak dira. Normala denez, denek ez dute iritzi bera ematen. Garrantzitsua da batzuk besteekin hitz egitea eta ideiak partekatzea. Zeren nik zientzia ikuspegiko ideiak ditut, eta ez diete beti abeltzainak izan ditzakeen kezkei erantzuten.
Gaur egun non lan egiten duzu?
Nire kabuz lan egiten dut, etxean. Niri Amerikako Estatu Batuetako Gobernuz Kanpoko Erakunde batek ordaintzen dit. Nolabait esatearren, bere bezeroak abeltzainak eta hazia ekoizten duten enpresak dira. Erakundeak abeltzainen eta enpresen diru ekarpenak jasotzen ditu. Diru hori gure soldatak ordaintzeko, ikerketa proiektuak finantzatzeko edo autoinbertsioan erabiltzen da.
Genetika hobekuntzan ikerketa egiteaz zein arduratzen da?
Orokorrean, unibertsitate eta ikerketa zentro publikoak dira. Niri erakundeak ikerketa egiteagatik ordaintzen dit. Esaterako, hazia saltzen duten enpresek ere egiten dute, baina haiendako da, batzuetan ez dizute egiten duten guztia esaten. Arazoa da gero eta ikerketa zentro publiko gutxiago daudela, orokorra da. Lehen sektorea ez da modakoa, zaila da gobernuei gaztigatzea dirua ikerketa horretan jarri behar dutela.
Ikerketa horiek homologatzen dituen erakunderik bada?
Ikertzaileok elkarrekin hitz egiten dugu, eta, luzera, kontsentsua finkatzen da. Zientzia aldizkariak daude ere. Ni haietako baten editorea naiz. Zuk niri ikerketa bati buruzko idatzi bat bidaltzen didazu, eta nik gai horren inguruan ez badakit, dakien jendeari bidaltzen diot. Anonimoki baloratzen dute, eta ikerketa zuzena bada, argitaratu egiten dut. Eta beste hainbat. Eta horrela, pixkanaka, kontsentsua sortzen da. Zeren, beti ez baikaude ados. Baina hori da zientzia.
Datuak prozesatu egiten ditugu, eta genetika ebaluazioak sortzen ditugu.
Ikerketa guneen arteko elkarlanik bada?
Handia. Zientzia moderno guztia elkarlanean egiten da. Estatu batean bertan lan egitea oso zaila da. Nik, normalean, Frantzia, Amerikako Estatu Batuak, Uruguai, Alemania, Finlandia eta abarreko jendearekin lan egiten dut. Oso arlo kosmopolita da. Zerbaiten espezialista gertu izatea oso zaila da, normalean, urrun dago.
Ikerketek epe luzeak eta gastuak dituzte. Berehalako emaitzarik ez dagoenez, ez dira politikariendako oso erakargarriak.
Eta ez da ikusgarria. Motibazioa pixka bat galarazten dizu, bai.
Ikerketa garestia da?
Ez dakit. Ez gara hainbeste ere. Estatu bakoitzak ikerketara bideratzen duten estatistiken arabera aurrekontuen %1 eta 4 artekoak dira. Orokorrean, ikerketa baten itzulkina ona da. Telefono mugikorraren atzean ikerketa dago. Ikerketa batzuen efektua ez da begi bistakoa, baina urtetara ikerketa hartan oinarritutako zerbait garatzen da. Orokorrean, ikertzen duten herrialdeek bizi maila hobea dute.
Tokiko arrazak ikertzen direnean, zertarako egiten da: arraza mantentzeko edo bere errendimendua hobetzeko?
Bietatik pixka bat. Erabiltzen den arraza bat ez da galtzen. Baina produktiboagoak diren beste batzuengatik baztertutako arraza minuskula bat duzunean, ikertzaileek hori deskribatu eta existitzen dela egiaztatzen dute, gutxi gehiago. Gobernuek babestu dezakete, edo ez. Tokiko arrazak mantentzeko erabaki kontzienteak halako arraza asko mantentzea ekarri du. Diru apur bat eman behar dute, jakina. Zaletasunagatik bakarrik izateko nahikoa jende egon behar du, eta hori zaila da. Arraza baten alde apustua egiten badute gobernuak, ikerlariek eta abeltzainek, arraza hori, normalean, erabiltzen da. Ardi latxaren garapena ikusgarria izan da. Duela 40 urte 40 edo 50 esne litro ematen zuten, gaur egun 100, 150 edo 200 ematen dituzte. Arazoak egonen dira, baina bestela Castillakoa gertatu zitekeen hemen ere: latxa assaf, lacaune edo atzerriko beste arrazengatik ordezkatzea. Pena izanen litzateke.
Arazoa da gero eta ikerketa zentro publiko gutxiago daudela, orokorra da.
Animalien ongizatea lehen lerroan dago.
Neurtzen zailak diren gauzak dira. Nire eta nire lankideen sentipena da gizarteak abeltzaintza modernoaren ezagutza txikia duela. Filmetako irudiak dituzte, edo animaliak sistematikoki gaizki tratatuak direla pentsatzen du. Ez da egia. Abeltzainek bere abereak ongi tratatzen dituzte, eta, orokorrean, gustatzen zaizkie. Gizarteak abereak ongi tratatzea eskatzen du. Baina batzuetan ez dakite oso ongi zer nahi duten. Abeltzainek beraiek abereak ongi egotea nahi dute. Baina nola esan abere honek beste horrek baino gutxiago sufritzen duela? Objektiboak egiten eta neurtzen zailak diren gauzak dira. Ahalik eta gaixotasun gehien kontrolatzen saiatzen da, ahal dena hobetzen saiatzen da. Maneiuarena zailagoa da: behiak lotuta dauden edo ez, etxaldeko zorua nolakoa izan behar duen... Nik ez dut asko ezagutzen. Abereen portaera eta fisiologiaz dakitenak badaude. Halakoak genetika hobekuntzaren bidez lantzea zailagoa da.
Abere bat larratzen ikusten dugunean, zer pentsatu beharko genuke?
Lehenik, abereak ikusteagatik pozik egon beharko genuke; abereak naturaren, paisaiaren eta gure kulturaren parte dira. Abere horrek jabe bat du, eta pertsona hori animalia horregatik kezkatzen da. Horren atzean dago aberearen ongizatea eta saldoaren hobekuntza.