Frontenisa

Irurtzungo txapelak Euskal Herrian geratu ziren

Guaixe 2024ko urt. 16a, 10:30

Asier Galarza, Adrian eta Jose Angel txapeldunekin. UTZITAKOA

Estatu mailako bikoterik onenak bildu ziren Sakanan, 64 bikote guztira

Abenduaren 23an mugimendu handia egon zen Sakanako eta Larraungo frontoietan, Asier Galarza palista eta frontenis jokalariak antolatutako Irurtzungo IX. Frontenis Txapelketako partidak Arbizun, Lakuntzan, Uharte Arakilen, Etxarrenen, Latasan, Aldatzen eta Irurtzunen jokatu zirelako. 64 bikote lehiatu ziren guztira, estatu guztitik hurbildutakoak, frontenis egutegian Irurtzungo txapelketa oso preziatua baita. 

Ikusmina handia izan zen, eta Irurtzunen jokatutako finalean giro ederra egon zen frontoian. Azkenean txapelak Euskal Herrian geratu ziren, Adrian (Bilbo) eta Jose Angel (Pitillas) gailendu baitziren Segoviako Israel eta Fernandoren aurrean, final ikusgarrian. Beste finalistak Iker eta Diego iruindarrak eta Asier eta Edu gasteiztarrak izan ziren. Txapeldunek 800 euro lortu zituzten, txapeldunordeek 400, eta hirugarrenek 150. 

"Frontenis txapelketako partaideek oso gustura egon zirela aipatu zuten. Bazkarian 80 kide bildu ginen eta frontoian giro polita zegoen. Pozik egotekoa da" aipatu du Asier Galarzak. Galarza final laurdenetan erori zen eta ez zen azken txanparako sailkatu. "Hori da dudan pena".