Areto futbola

Punteria falta, Xotaren madarikazioa

Guaixe 2024ko urt. 15a, 09:30

Dani Saldisek Xotarekin bere 250. partida jokatu zuen ilbeltzaren 12an ValdepeƱasen kontra. XOTA

Talde berdeak ezin izan zuen Roberto Martil kapitainaren buelta garaipenarekin ospatu. Ilbeltzaren 6an Kopako final zortzirena dute jokoan

2024 urtea galduz hasi du Osasuna Magna Xotak. Lehen mailako hamazazpigarren jardunaldia zegoen jokoan, eta Osasuna Magna Xotak Valdepeñas talde hartu zuen ilbeltzaren 12an, ostirala, Anaitasuna pabilioian. Talde irurtzundarrak gau pozgarria zuen aurretik, lesio larria gaindituta Roberto Martil kapitain irurtzundarraren buelta ospatzen zuelako, eta Dani Saldisek Xotarekin bere 250. partida jokatuko zuelako. Irurtzundarrak 250 zenbakidun kamiseta jaso zuen opari. 

Tamalez, ezin izan zuten festa garaipenarekin borobildu. Partida hasi eta berehala gol aukera ederrak sortzen hasi zen talde berdea. Fabinho, Geraghty, Café, Saldise... bata bestearen atzetik arriskuarekin hurbildu zen Valdepeñasen atera, baina ez zituzten euren gol aukerak gauzatu. Eta hori izan zen Osasuna Magna Xotaren kondena: punteria falta. Aldiz, huts egin ez zuena Bynho izan zen, Valdepeñas 1 eta 0 aurreratu baitzuen. 

Bigarren zatian Xota berdintzen saiatu zen, baina Anaitasuna isilik geratu zen Eloy Rojasek Valdepeñasen bigarrena sartu zuenean. Talde irurtzundarrari partida zaildu zitzaion, baina berdeek ez zuten etsi. Fabinhoren jaurtiketak zurtoinean jo zuen, Dani Saldisek atezain-jokalariaren kamiseta jantzi zuen eta arbitroak Andres Gerathyk sartutako gola baliogabetu zuen, Xotako zaleen haserrea piztuz. Berdeak behin eta berriz saiatu ziren, baina ez zuten punteriarik, eta Valdepeñaseko Alex atezaina ikusgarri aritu zen. 38. minutuan Fabinhoren golak 1 eta 2 hurbildu zuen Xota. Irurtzundarrak saiatu ziren, baina Valdepeñasek ongi kudeatu zuen geratzen zen denbora eta, azkenean, 1 eta 2 irabazita, 3 puntuak Valdepeñasera joan ziren. 

“Aurretik jartzeko aukerak dituzunean, gauzatu behar dituzu” azaldu zuen partida bukaeran Miguel Hernandez entrenatzaileak. Taldeak “esfortzu handia” egin zuela nabarmendu zuen, eta punteria faltaz penatu zen. 

Lehen mailako sailkapenean Barçak jarraitzen du lider (38 puntu). Xota zortzigarren postuan dago (25 puntu). Ligak atsedenaldia izango du otsailera arte, eta sailkapenean hamabosgarren den Noia izango da Xotaren hurrengo arerioa. 

Kopa
Bihar, ilbeltzak 16, asteartea, Xotak Kopako final zortzirenetako partida jokatuko du Atletico Mengibar taldearen kontra, Jaenen.