Ilbeltzaren 16an, asteartea, areto futboleko Kopako final zortzirenetako kanporaketa jokatu zuen lehen mailako Osasuna Magna Xotak bigarren mailako Mengibar taldearen kontra, Jaenen. Miguel Hernandezen taldeak uste baino gehiago sufritu behar izan zuen kanporaketa gainditzeko, partida oso lehiatua eta gogorra izan baitzen. Gainera, bigarren zatian talde berdea jokalari bat gutxiagorekin geratu zen arbitroak Fabinho kanporatu eta gero, baina Xotaren ofizioari esker, eta defentsak egindako lan sendoa eta Alejandro Palazon atezainaren geldiketak tarteko, Xotak ongi eustea lortu zuen. Azkenean, Fabinhok eta Andres Geraghtyk sartutako golei esker 0 eta 2 irabazita, talde irurtzundarra Kopako finalerdietako zozketan egongo da.
“Kopako partida petoa izan da, oso parekatua. Fabinhoren kanporaketak asko baldintzatu digu, baina ongi defendatu dugu, baloia ongi kudeatzen jakin dugu eta partida aurrera atera dugu” azaldu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak partida bukaeran.
Mendibe, Cerviño eta Agirre
Osasuna Magna Xota animatzera El Ejido talde andaluziarrean Xotak utzita jokatzen ari diren Josu Mendibe eta Ion Cerviño hurbildu ziren. Halaber, aipatzekoa da Miguel Hernandezek Mengibarrerako partidarako hautatutako taldean Xotako harrobiko Oier Agirre Lopez jokalari iturmendiarra zegoela. Oier talde nagusiarekin debutatzeko irrikaz dago.