Lehen Mailako Areto Futboleko Ligak atsedenaldia izan du, tartean Championsa jokatu delako, Palma Futsalek irabazitakoa. Lehiaketaren mailari eusteko lagunarteko partida jokatu zuten Osasuna Magna Xotak eta ATP Iluminacion Ribera Navarra taldeek Noainen. Txapelketa ala lagunarteko partida izan, derbi bat beti derbia da, eta bi taldeek lehia estua izan zuten.
Partida lehiatua izan zen, eta boladaka joan zen. Hasieran Xota izan zen hobea. Juninhok Xotaren markagailua mustu zuen, eta partida alde jarri zitzaion Xotari. Baina Tuterako taldeak primeran erantzun zuen, eta tarte motzean 1 eta 2 aurreratu zen Ribera Navarra. Minutu horietan Tuterako taldeak hobe jokatu zuen, eta Miguel Hernandezen taldea ederki estutu zuen. Hala ere, gutxika Xota berregiten hasi zen eta jokaldi oso arriskutsuak sortu zituen. Azkenean Juninhok bina berdintzea lortu zuen, atsedenaldia baino lehen.
Bigarren zatia hasi eta berehala Ribera Navarrak hirugarren gola sartu zuen, urrutitik zetorren errematea desbideratuz. Dani Saldisek hiruna berdintzeko aukera paregabea izan zuen, baina huts egin zuen. Erriberakoek, ordea, laugarren gola sartu zuten, eta 2 eta 4 jarri ziren aurretik. Xota saiatu zen, eta Toni Escribanoren golarekin 3 eta 4 hurbildu ziren. Talde berdea berdinketaren bila zegoen, baina irurtzundarrek punteria falta arazoak izan zituzten; gol aukerak sortu zituzten, baina ez zituzten gauzatzen. Partida bukatzeko 2 minuturen faltan Miguel Hernandezek Andres Geraghty atezain-jokalari postuan jarri zuen. Dani Saldisek bi aukera izan zituen, baina ezin, eta Xotak 3 eta 4 galduta bukatu zen partida.
Ligaren itzulera, otsailaren 14an
Lehen Mailako Areto Futboleko liga otsailaren 14an itzuliko da, asteazkenarekin. Sailkapenean zortzigarren den Xotak hamabosgarren eta jaitsiera postuetan dagoen Noia Portus Apostoli taldea izango du aurkari. Partida Galizian jokatuko da, 20:00etan.