Champions txapelketaren ia hilabeteko etenaldiaren ondoren bueltan da Areto Futboleko Lehen Mailako Txapelketa. Osasuna Magna Xotak Galizian jokatu zuen, Noiaren Portus Apostoli taldearen kontra. Miguel Hernandezen taldeak ongi ekin zion partidari, eta Dani Saldisek eta Eloy de Pablosek 0 eta 2 aurreratu zuten talde berdea 12. minuturako. Baina hortik aurrera jokoaren dinamika guztiz aldatu zen, eta Noia abiadura gehiagorekin jokatzen hasi zen, gol aukera arriskutsuak sortuz. Atsedenaldirako bina berdindu zuen Noiak.
Bigarren zatian oraindik erritmo gehiagorekin jokatu zuen Noiak, Osasuna Magna bere pistan itxiz. Ia konturatu gabe, 4 eta 2 aurreratu ziren galiziarrak. Leo Cafék Xotak 4 eta 3 hurbildu zuen markagailuan, baina handik gutxira talde irurtzundarra jokalari bat gutxiagorekin geratu zen, Cafék falta batengatik txartel gorria ikusi eta gero. Hori talde berdearen kondenazioa izan zen, eta 7 eta 3 galduta, jipoi ederra jasota itzuli dira etxera.
Miguel Hernandez entrenatzaileak aitortu zuen atsedenaldia baino lehen jasotako bi golek taldeari “min handia” egin ziotela. “Minutuak aurrera egin ahala partida zailtzen hasi zaigu, eta atsedenaldiaren ondoren ez dugu jokatu partidak eskatzen zuen intentsitatearekin”. Taldeak dituen bajek ere ez zuten lagundu.
Hurrena, Alzira
Barçca da lehen mailako liderra (38 puntu) eta Xota hamargarren postura jaitsi da (25 puntu). Otsailaren 17an, larunbata, Xotak sailkapenean azkena den Alzira taldea hartuko du Anaitasunan, 16:00etan.