Gidariek errespetatu beharreko sei espazioak

Guaixe 2024ko ots. 19a, 09:00
Ezgaituen ibilgailuak aparkatzeko tokia Lizarra kalean. ARTXIBOA

Herrian ibilgailuak erabiltzean bete beharreko neurriak gogorarazi ditu udalak. Bide batez, gogorarazi du arau-hauste bakoitzak dagokion isuna dakarrela berarekin.

Irurtzungo Udalak ibilgailuen erabilerari eta mugikortasunari buruzko kontzientzia hartzeko kanpainak egin izan ditu. Eta legegintzaldi honetan zentzu horretan pausoak emanen ditu. Mahai gainean du, besteak beste, plaza ingurua oinezkoendako bihurtzea. Bitartean udalak errespetatu beharreko eremuak gogorarazi dizkie ibilgailuen gidariei. Batetik, espaloiak errespetatzeko eskatu die, "oinezkoek bakarrik erabil baititzakete"”. Bestetik, mugikortasun arazoak dituzten pertsonendako erreserbatuta dauden aparkalekuak errespetatzea ere eskatu du. 


Plaza ondoko aparkalekua. ARTXIBOA

Aldi berean, taxiek bakarrik erabiltzeko eta garraiolarien zamalanetarako eremuak errespetatzeko eskatu du udalak. Bide batez, gogorarazi du zoruan marraztutako marra horiak ere errespetatu behar direla, haien parean ezin dela aparkatu eta beste murrizketa batzuk bezala errespetatu behar direla gogorarazi du. Azkenik, garajeen irteeretan ez aparkatzeko araua errespetatzea eskatu du.