Dinabide eraikineko beheko solairuan, azpiegitura orokorrak egokitzeko eta funtzio anitzeko espazio bat sortu nahi da. Sakanako Mankomunitateak deialdia egin du obra kontratua esleitzeko eta gauzatzeko. Lana hartu nahi duen enpresak bere eskaintza otsailaren 24ko 13:30era arte aurkez dezake. Obrak 72.984,75 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Lana eskuratzen duen enpresak hiru hilabete izanen ditu lanak despeditzeko.
Sakanako Garapen Agentziako kudeatzaile Iker Manterola Matxainek azaldu duenez, "beharrei erantzuteko" lanak eginen dira. Izan ere, "prestakuntza saio, bilera edota aurkezpenetarako bilera gela txiki gelditzen zitzaigun. Eta bertan ari diren coworkerrak ere espazio banatuagoak eskatzen zituzten". Beraz, coworker batzuk egungo prestakuntza gelara pasako dira eta gainontzeko espazioa bitan banatuko da. Iparraldean coworkerrendako postuak mantenduko dira eta hegoaldean, berriz, erabilera anitzeko areto luze geldituko da, edozein premiatarako erabilgarri izanen dena. Bestalde, "laster ekipamendu berria etorriko da". Horregatik, lanak baliatuko dituzte tailerrean sistema elektrikoa egokitzeko.