Championseko ia hilabeteko atsedenaldia ez zaio batere ongi etorri Osasuna Magna Xotari. Noiaren kontra galdu ondoren, sailkapenean azkena den Alzira taldea hartu zuen talde irurtzundarrak larunbatean Anaitasunan. Partidaren lehen txanpan Xotak kontrolatu zuen partida, baina Alzirak ongi eutsi zuen eta atsedenaldira husnako berdinketarekin joan ziren bi taldeak.
Bigarren zatian dinamika berberarekin jarraitu zuen partidak, baina Alzirak 0-1 aurreratzea lortu zuen, penaltiz. Zorionez, berehala bana berdindu zuen Osasuna Magna Xotak, Pachik sartutako golari esker. Minutu gutxi barru Eloy de Pablosek 2 eta 1 aurreratu zuen talde berdea. Alzirak erasora jo zuen, partida erotu egin zen, eta nahasmen horretan bina berdindu zuen Alzirak. Xotak aukerak izan zituen, baina Alzirako atezainak atea ongi zaindu zuen. Bukaerarako 2 minuturen faltan Alzirak hirugarren gola sartu zuen, eta nahiz eta irurtzundarrak modu guztietara saiatu, ezin izan zioten partidari buelta eman eta 2 eta 3 irabazi zuen talde valentziarrak.
Miguel Hernandez entrenatzaileak aitortu zuen bere taldeak ez zuela defentsan bere bertsiorik onena eman. “Hobeki defendatu behar da. Partida itxia izan da, eta markagailuan aurretik jarri garenean ez dugu defentsan ongi estutu. Gola sartu digute, eta gero presak iritsi dira. Berdintzeko zorian egon gara, baina ezinezkoa izan da. Ez zaio ere buelta gehiegirik eman behar, azkar aterako gara bolada honetatik”
Kopa eta liga
Otsailaren 21ean, asteazkena, Osasuna Magnak Kopako final laurdenetako partida jokatuko du, Jaenen, Jaen taldearen kontra. Talde berdeak aukera ederra du azken bi porrotak ahaztutzeko.
Bestalde, Lehen mailako ligan Barçak jarraitzen du lider (41 puntu) eta Xotak hamargarren jarraitzen du (25 puntu). Hogeigarren jardunaldian Xotak sailkapenean bigarren den El Pozo Murcia Costa Calida izango du aurkari. Partida otsailaren 24an jokatuko da, larunbata, Murtzian.