Jaen Paraíso Interiorrek Osasuna Magna Xotaren ametsa zapuztu du: maiatzean jokatu den Kopako lauko finala jokatzea. Otsailaren 21ean, asteazkena, Kopako final laurdena jokatu zuten bi taldeek Andaluzian, Jaengo Olivo Arenan. Lehia estu eta bizia eskaini zuten bi taldeek, bereziki lehen zatian. Azken minutuetan protagonista nagusia Jaengo atezaina izan zen, Espindola, berak zapuztu baitzituen Xotaren asmo guztiak.
Jaenen eta Xotaren arteko partida ikusgarria zen, lehen zatian bereziki, guztira zazpi gol sartu baitziren. Jaen hasi zen hobeki; talde andaluziarra 8. minuturako 3 eta 0 aurreratu zen, Michel, Chino eta Cesar jokalariei esker. Hala ere, talde irurtzundarrak egoerari ongi erantzuten jakin zuen, 4 minutuko tartean hiru gol sartu baitzituen, 19 minuturen faltan partida hiruna berdinduz. Pachuk sartu zuen lehena, Jaengo bi defentsa gaindituta. Gol horrek hegalak eman zizkion Xotari; Dani Saldisek Pachuren errematearen segidan baloia ukituta sartu zuen bigarrena, eta Leo Cafék hirugarrena. Xotak aukera gehiago izan zituen, baina atsedenaldia baino lehen 4 eta 3 aurreratu zen Jaen.
Bigarren zatia emozio handikoa izan zen. Bi taldeek aukera ederrak izan zituzten, baina markagailua ez zen mugitzen. Azken txanpan Miguel Hernandezek atezain-formula erabili zuen. Talde irurtzundarra modu guztietara saiatu zen, baina Jaengo Espindolak ikusleak altxarazi zituen hiru geldialdi bikain egin zituen, Osasuna Magna Xotari berdintzea ekidinez. Nafarrek berdintzea eta berdinketa apurtzeko luzapena jokatzea merezi izan zuten, baina Espindolak euren ametsa zapuztu zuen. 4 eta 3 galduta, Kopari agur esan behar izan dio talde irurtzundarrak.
Penatuta
Miguel Hernandez entrenatzailea penatuta zegoen, 3 eta 0 galtzen egon ostean Xotak hiruna berdindu, baina azken txanpan izandako aukera paregabeekin launa berdintzea lortu ez izanagatik. “Partida maldan gora jarri zaigu, baina taldeak ongi erantzun du, ez du behera egin eta buelta eman dio, partida berdinduz. Lastima euren laugarren gola, atsedenaren aurrekoa. Dena den, bigarren zatian ongi egon gara. Tamalez, izan ditugun aukera guztiekin ezin izan dugu berdindu. Euren atezainak trebetasunez zaindu du atea” nabarmendu du Hernandezek.
Peñiscolak, Betisek, Jimbee Cartagenak eta Jaenek jokatuko dute Kopako Final Laukoa, maiatzean.
Ligari begira
Osasuna Magna Xotak Jaendik Murtziara jo du, otsailaren 24an, larunbata, Lehen mailako ligako hogeigarren jardunaldiko partida jokatuko baitu El Pozo Murcia talde ahaltsuaren kontra. Partida 20:00etan hasiko da. Barçak jarraitzen du lehen mailako lider (41 puntu), El Pozo Murcia bigarren da (35 puntu) eta Xota hamargarren (25 puntu).