Areto futbola

Xotako jokalariek dena eman zuten Nafarroarekin

Guaixe 2024ko ots. 26a, 10:00

Nafarroako 19 eta 16 urtez azpiko selekzioko kideak, elkarrekin. NAFARROAKO FUTBOL FEDERAZIOA

Joan zen astean jokatutako Espainiako Areto Futbol Txapelketetan Nafarroako 19 urtez azpiko selekzioarekin jokatu zuten Nahia Moranek eta Naia Lizarragak, eta Nafarroako 16 urtez azpikoarekin Nahiana Lamarcak

Otsailaren 13tik 15era selekzio autonomikoen Espainiako Futsal Txapelketa jokatu zen Benidormen eta La Nucian. Nafarroak bi txapelketetan parte hartu zuen, 16 eta 19 urtez azpikoetan. Tartean Irurtzungo Xotako hiru jokalari zeuden. 

Leandro, Moran eta Lizarraga
19 urtez azpiko Nafarroako areto futboleko selekzioko entrenatzailea Leandro Fernandez Xotako jokalari ohia da, Irañetako bizilaguna. Gorka Galanen laguntzarekin, talde gaztea sortu du, "ilusio handikoa, gogotsua". Tartean Xotako bi jokalari daude: Nahia Moran Iglesias eta Naia Lizarraga Elustondo. Espainiako Txapelketan Kanariar Irlak, Katalunia eta Aragoi zeuden euren multzoan. Lehendabiziko partidan nafarrek 1-4 irabazi zieten kanariarrei, partida ederrean. Bigarrenean, aldiz, Katalunia faboritoaren kontra 11-2 galdu zuten nafarrek, jipoi ederra. Hirugarren jardunaldian partida oso lehiatua jokatu zuten Nafarroak eta Aragoik, bigarren postua eta sailkapenean aurrera egitea baitzegoen jokoan. 2-1 aurreratuta egon zen Nafarroa, baina Aragoik berdintzea eta garaipenaren gola sartzea lortu zuen, eta Nafarroa txapelketatik kanpo geratu zen. 

Lamarca
16 urtez azpiko Nafarroako selekzioko entrenatzaile Alvaro Cordonek eta Claudia Gaton laguntzaileak talde polita prestatu zuten, tartean Xotako Nahiana Lamarca Zudaire jokalaria zegoela. Ceuta, Katalunia eta Aragoi taldeen multzoan zegoen Nafarroa. Helburua txapelketan ongi lehiatzea eta, batez, ere, ikastea zen. 

Ceutaren kontra 3-6 galdu zuten nafarrek. Katalunia faboritoaren kontra itxura polita eman zuen Nafarroak, baina kataluniarrak ikusgarri aritu ziren eta 5-1 irabazi zieten. Azkeneko partidan, hasieran Aragoiri ongi aurre egin zion Nafarroak, baina aragoiarrek ez zuten eurekin gupidarik izan, eta 6-1 galduta, Espainiako Txapelketari agur esan zion Nafarroak. 

Bizitako esperientzia sekulakoa izan da Nafarroako selekzioko jokalariendako.