Osasuna Magna Xotak ez du burua altxatzen. Otsailaren 21ean Kopatik kanpo geratu zen, Jaenen kontra galdu ondoren, eta otsailaren 24an, larunbata, El Pozo Murciaren kontra jokatu beharreko ligako partidan egoerari buelta ematea eta sentsazio onak berreskuratzea zen bere asmoa. Baina inondik inora. Talde irurtzundarrak 6-1 galduta sekulako jipoia jaso zuen Murtziako Kirolen Jauregian.
El Pozo Murcia da lehen mailako areto futboleko oilarretako bat; sailkapenean bigarren da, eta ederki asko erakutsi zuen. Hala ere, partida hasi eta lehen minutuan Osasuna Magna Xota izan zen aurreratu zena, El Pozoko Gadeiak ate propioan sartutakoa, Geraghtyren jaurtiketa indartsuak bere gorputzean errebotea egin eta gero. Baina berehala El Pozok berdintzea lortu zuen eta Xotaren gol aukera guztiak zapuztu zituen. Gol aukera horiek ez sartzea izan zen Xotaren kondenazioa, El Pozo Murciak bi gol sartu baitzituen eta atsedenaldira 3 eta 1-eko abantailarekin joan baitzen. Bigarren zatian berdeek ez zioten partidari buelta eman. Hernandezek atezain-jokalari formula erabili zuen, baina ez zen ongi atera, 6 eta 1 galdu baitzuen Xotak.
“Partida izugarria izan da, ezin dugu horrela galdu. Lehiatu beharra dago” azaldu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak bukaeran, taldeak emandako itxurarekin haserre.
Jaenen kontra arantza kentzera
Lehen mailako liderra Barça da (44 puntu) eta El Pozo Murciak bigarren jarraitzen du (38 puntu). Xota hamargarren da (25) puntu. Martxoaren 1ean, ostirala, Xotak sailkapenean hirugarren den Jaen hartuko du Anaitasunan, 21:00etan, hain zuzen ere Kopatik kanpo utzi zuen taldea. Arantza kentzeko eta azken boladari buelta emateko aukera paregabea du Xotak.